Euskararen kontrako esku hartzeak salatuz UEMAk eta Kontseiluak manifestazioa deitu dute.

2015/02/13
“Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara” lema izango duen manifestazioa, hilaren 28an Donostian egingo da.

  Atzo egin deialdi aurkezpenean Oñatiko ordezkaritza izan zen, Oñatiko Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateaz gain, aktak euskara hutsez bidaltzeagatik gobernu ordezkaritzak salatu duen udaletako bat baita. Era horretako esku hartzeak dira hain zuzen ere, otsaileko azken egunerako deitu den manifestazioan salatu nahi direnak.

  Izan ere, Frantziako eta Espainiako gobernuek neurriak hartu baitituzte berriki euskararen aldeko hizkuntza politikak sustatzen ari diren hainbat tokiko administrazioren kontra. Zentzu horretan aipagarria da Espainiako Gobernuaren ordezkari den Carlos Urkijok hainbat udalen kontra hartutako erabakiak; euskaraz diharduten hainbat udalen aurka egin du, besteak beste, aktak euskaraz egiten eta igortzen dituztelako. Horietako bat da, esan bezala, Oñatiko Udala.

  Otsaileko 28rako manifestazio deialdiaren berri ematerakoan, Maren Belastegi UEMAko lehendakariak esan zuen, Carlos Urkijoren errekerimendu eta helegiteen oinarrian, euskarari lehentasuna ematen dioten udalak zigortu nahi izana dagoela. Horrela, euskararen balio ofiziala zalantzan jartzen dutela eta hori oso larria dela.

  Eusko Jaurlaritzaren txosten baten arabera aktak euskaraz egitea legezkoa da. Eta horretan oinarritu dira UEMA eta auzi bidean jarraitzea erabaki duten udal salatuak. Zentzu horretan aktak euskaraz bidaltzen jarraituko dutela adierazi zuen Belastegik.

  Baina aldi berean, euskararen aldeko hizkuntza politikak oztopatzen  dituztenen jarrera salatzeko manifestazioa deitu da, otsailaren 28rako. Manifestazioa Gipuzkoa plazatik abiatuko da, 17:30ean, eta Bulebarrerainoko bidea egingo du. Euskaraz bizi nahi duten herritar guztien topaleku izatea nahi dute antolatzaileek; euskarazkoa, arriskurik gabeko hautua izan dadin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!