Euskararen Eguneko egitaraua eta behar teknikoak nahiz herriko ikastetxeek prestatu dituzten hainbat ekitaldietarako baimen eskaerak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

2014/11/13

  Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatuko da. Aurten ere egitarau bateratua antolatu da udala eta ikastetxeen artean. Hala, goizean, haur jolasak izango dira, gazteentzat euskarari buruz hausnartzeko eztabaida saioa eta ekitaldi golfoa eta herritar guztiei irekitako kantu saioa, arratsaldean. Hurrengo egunean, eta interesa duten herritarrentzat baita ere, antzerki emanaldia eta afari tertulixa egingo da. Egitarauaren xehetasunak, eta aurrekontu nahiz behar teknikoak, arratsaldeko batzarrean azalduko zaizkie udal gobernu taldeko kideei.

  Baina hori, bilerarako zehaztu den lan zerrenda zabaleko gai bat besterik ez da, guztira, 53 jaso baitira.

  Euskara eta hezkuntza batzordearen eskutik, herriko ikastetxeek datozen aste eta hilabeteetarako antolatu dituzten ekintzetarako baimen eskaerak ere aztertuko dira. Hara nola, Elkar Hezik Gabonen aurretik egin ohi duen elkartasun azoka edota, Urgain-Errekalde Herri Eskolako guraso elkartearen pailazo ikuskizuna eta Gabonetako jaialdia. Txantxiku ikastolatik, antzerki eskolak eman ahal izateko Gaztelekua erabiltzeko baimena ere aztergai izango da.

  Errekalde Herri Eskolako haur parkea eta kirol gunea asteburuetan ordutegi baten barruan zabaltzeko landu den hitzarmen proposamena jorratzekoa da, bestalde.

  Gizarte zerbitzuak batzordearen eskutik, gizarte zerbitzuen arloko elkarteei zuzendutako diru-laguntzak eta garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzara zuzendutakoak ere aztertuko dira. Diru-laguntza hauetarako  eskaerak uda inguruan jaso ziren eta guztiak aztertu ondoren, onartu eta baztertutakoen berri emango da arratsaldeko bileran.

  Pasa den urriaren 7an izandako gertaerak direla eta zauritu ziren 3 udaltzainek izango dituzten abokatu eta auzi gastuak udalak ordaintzea ere proposatuko zaio udal gobernu taldeari.

Iturria: Oñatia irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!