Euskaraldiak informazio gunea izango du Euskaldun berria gelan

2020/10/22
Astelehen eta asteazkenetan irekiko dute informazioa eman, materiala saldu eta izen-emateetan laguntzeko

  Azaroaren 20tik abenduaren 4a errepikatuko den Euskaraldiaren azken ordua aurkeztu zen atzo. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektiborako tarte berria badatorrela-eta herritarrak parte hartzera animatu zituzten Oñatiko Ahobizik, Belarriprestek eta herri batzordeko kideek.

  Euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan da Euskaraldiak 15 egunetarako bota duen erronka. Bigarren saio honen berrikuntza dira entitateen parte hartzea eta hauen inguruan sortuko diren barruko eta kanpoko ariguneak. Oñatin 40 entitatek eman dute izena eta 120 arigune sortuko dituzte. Gune horietan 563 lagunek egingo dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketako.

  Entitateek izena emateko aukera izan dute eta orain norbanakoen txanda da. Internet bidezko izen-ematea lehenetsi da, egungo osasun egoera kontuan hartuta. Baina arazoren bat duenak, edo informazioa behar duenak, Euskaraldiak Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan egokituko duen informazio gunera joan ahal izango du. Aretoa, astelehen eta asteazkenetan irekiko da, 18:00tatik 20:00tara. Entitateetako kideei norbanako gisa izena eman behar dutela gogorarazi nahi zaie.

  Euskaraldiaren haritik atera den materiala, banderolak eta poltsak ere, aipatu informazio gunean eskuragarri egongo da. Bestela, Turismo bulegoan eta Txokolateixan ere salgai jarri da.

  Euskaraldian parte hartzen duenak bi rolen artean aukeratu behar du: Ahobizi edo Belarriprest izan liteke. Aurten nabarmendu nahi da bat edo bestea hautatzeko gakoa jokaeran dagoela eta ez gaitasunean. Bakoitzak hautatzen duen rol hori besteei jakinarazteko txapak banatuko dira, orain bi urte egin zen bezala. Txapen banaketa hori azaroaren 2tik aurrera egingo da Euskaldun berri gelako informazio gunean.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: DV)