"Euskaraldia" ekimenerako eragile taldea indartzeko bilera irekia egingo da arratsaldean

2018/06/05
Ekimena antolatzeko hiru lantalde osatu dira

  Euskal Herriko 350 herrik bat egin dute Euskaraldia ekimenarekin, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera sustatzeko ekintzak gauzatuko dira.  Oñatin ere azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den EUSKARALDIA- 11 egun euskaraz ekimena antolatzen ari dira. Hiru lantalde osatu dira eta orain arte egindakoaren berri eman eta lantalde ezberdinak sendotzeko asmoz bilera irekia egingo da gaur arratsaldean Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan.

  Ekainean zehar Euskaraldiako eragileen eta sustatzaileen sarea handitu nahi da. Horretarako herriko elkarte, erakunde, komertzio eta lantegietara joko da.  Asmoa, ahalik eta leku gehienetara heltzea da, Euskaraldia zertan den azaldu eta parte hartzeko gonbita egiteko. Aktibazio taldekoak arduratuko dira bisita horiek egin eta mezua herriko txoko ezberdinetara zabaltzeaz. Baina gaurko deialdi ireki eta zabala egin da edozein herritarrek parte hartu dezan.

  Aktibazio taldeaz gain, formazio taldea eta komunikazio taldea ere sortu dira Euskaraldiaren bueltan. Oñatiko batzordea buru-belarri ari da lanean ekimena arrakastatsua izan dadin. Gaurko bilera irekiaren ondoren beste ekintza berezi bat ere antolatu dute ekainerako: Oñatiko Hamaikakoaren aurkezpena. Oñatiko ekimenaren enbaxadore izango diren hamaika lagun aurkeztuko dira. Parte hartzea abiatzeko osatutako lagun-taldea izango da Hamaikakoa. Ahobizi eta Belarriprest izango direla adieraziko dute, Euskaraldiak antolatutako ekimenetan parte hartuko dute eta ingurukoak aktibatzen saiatuko dira. Hamaikakoaren aurkezpen hori hilaren 22an egingo da. Bitartean, gogoratu, gaur, 18:00tan, bilera irekia egingo dela Euskaldun berria gelan

Iturria: Oñati Irratia