Oñatiko udala

Euskara ikastaro bereziak antolatu ditu Udal Euskaltegiak zaintza arloan eta ostalaritza zein merkataritzan dihardutenentzat

2020/09/04
Card image cap
Udalak finantzatutako ikastaroak doan izango dira

  Euskararik ez dakiten edo oso gutxi dakitenei zuzendutako ikastaroak dira. Oinarrizko ahozko komunikazioa lantzea eta euren laneko egoera arrunterako hizkuntza-oinarriak ikastea da helburu nagusia. Horrela, gutxieneko ulermen maila lortuz, ohiko elkarrizketa arruntak euskaraz egiteko gai izango dira. Urritik ekainera bitarteko iraupena izango dute ikastaroek eta astean bost orduko jarduna beteko da. Ikastaro berezi hauek doakoak izango dira, udalak finantzatuko baititu. Izena emateko baldintza bakarra da aipatutako sektore horietan lan egitea. Beraz, edozein zaintzaile, tabernari nahiz dendarik izena emateko aukera dauka.

  Gaur egun, oñatiarren % 78k daki euskaraz eta beste %8 inguru ulertzeko gai da. Baina bada beste herritar multzo bat euskaraz komunikatzeko gai ez dena, Oñatira etorri berriak direlako edo ikasteko aukerarik izan ez dutelako. Multzo horretan asko dira zaintza-lanetan edo ostalaritzan eta merkataritzan jendaurrean diharduten duten langileak. Horretaz jabeturik, Udaleko Euskara departamentuak euskara ikasteko aukera eskaini nahi die gutxieneko ulermen maila lortu eta ohiko elkarrizketa arruntak euskaraz egiteko gai izan daitezen.

  Euskara ikastaro berezi hauetan izena emateko epea astelehenean irekiko da eta irailaren 18ra arte luzatuko da. Izena, Udal Euskaltegian eman behar da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!