Euskaltegiko irakasle lanposturako lehenengo azterketaren emaitzak argitaratu dira

2018/06/05
Card image cap
Ariketa egin zutenen erdiek, 9 lagunek, gainditu dute

  Berez 29 ziren euskaltegiko irakasle lanpostua betetzeko hautaketa prozesura aurkeztu zirenak baina pasa den astelehenean egin zen probara 18 bakarrik joan ziren, eta horietatik, 9k gainditu dute. Azterketa teorikoaren emaitzak atzo arratsaldean argitaratu ziren udaleko web atarian. Probak 50 puntuko balioa zuen eta gutxienez 25 puntu lortu behar ziren azterketa gainditzeko. Azterketen emaitzak argitaratzearekin batera, erreklamazioetarako epea ireki da. Azterketa berrikusi edo erreklamazioren bat egin nahi duenak ekainaren 7ko arratsaldeko 14:00ak arteko epea dauka.

  Aldi berean, bigarren azterketarako eguna jakinarazi da, ekainaren 15ean izango da. Bigarren ariketa elkarrizketa pertsonala izango denez, hautagaiak banaka deituko dira. Bakoitzari dagokion ordutegia ez da finkatu oraindik baina 9:00tatik aurrera izango dela jakinarazi du epai-mahaiak. Atzo argitaratu ziren emaitzak behin behinekoak dira oraindik eta behin betikoak kaleratzen direnean iragarriko da hautagai bakoitzak 2. azterketa egitera noiz joan beharko duen.

  Gogoratu bestalde, hautaketa prozesuan murgilduta dauden hainbat hautagaik ez dutela 4 Hizkuntza Eskakizuna edo baliokidea den agiririk egiaztatu. Horretarako epea, euskarazko azterketa egiten den egunera arte dute. Egiaztagiririk presentatu ezean, euskarazko azterketa egin beharko baitute. Azterketa horretarako egunik ez da zehaztu oraindik baina elkarrizketa pertsonalak egin ondoren izango da.

  Hautaketa prozesu honen helburua udal euskaltegirako euskara irakasle bat kontratatzea da, errelebo kontratua eskatu duen egungo irakaslearen lan jarduna betetzeko. Azterketaldia gainditzen duten gainontzekoekin berriz, lan poltsa osatuko da etorkizunean sortu daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!