Euskal nortasuna eta nazio izatea ukatu nahi dutenen aurrean zutitzeko deia eginez, ikurriñaren aldeko ekintzetan parte hartzeko gonbidapena zabaldu dute udalbatzako kideek.

2013/11/28
Alkateak eta Idoiaga jeltzaleak prentsaurrekoa egin zuten atzo.

  Udalbatzak aho batez onartu zuen urriko Osoko bilkuran ikurriñaren aldeko mozioa. Idatzia, Espainiako bandera jarri beharra zioen sententzia irmoa jaso berritan Espainiako gobernutik zetorren inposizioari emandako erantzuna zen. Erantzun bateratua, udalbatza osatzen duten bi taldeek aho batez onartua.

  Eta bateratua izan zen baita ere atzoko prentsa agerraldia. Bertan, azken  Osoko Bilkuran onartutako testua irakurri zen eta ikurrinaren inguruan, domekarako antolatu diren ekintzen berri eman zen. Mozio idatzia, Lourdes Idoiaga jeltzaleen bozeramaleak irakurri zuen. Ondoren, alkateak, domekarako antolatu diren ekintzen berri emateaz bat balkoietan ikurrina jartzera animatu zituen herritar guztiak.

  Gogoratu, udalak, 500 ikurrina ekarri dituela eta herriko okindegietan 4 euroren truke salgai jarri direla. Helburua, herria ikurrinaz jantzi eta euskal ikur honekiko gehiengoaren atxikimendu azaleraztea baita. Atzoko prentsaurrekoan irakurri zen idatzia, herriko bebarru guztietan jarri da bizilagunek ezagutu dezaten. Domekako elkarretaratze eta bestelako aldarrikapen ekintzen aurretik, bihar bertan, hitzaldia egingo da udaletxeko areto nagusian. Iñaki Egaña historialariak berba egingo du arratsaldeko 7etatik aurrera.

  Udalak, pasa den irailean jaso zuen Espainiako bandera udaletxeko fatxada nagusian eta areto nagusian jarri beharko duenaren sententzia. Euskal autonomia erkidegoko auzitegi nagusiko administrazioarekiko auzi salak hartutako erabakia gauzatzeko bi hilabeteko epea ematen zen eta epe hori betetzear dagoenean, ikurriñaren aldeko aldarria kaleratzeko ekitaldi sorta antolatu da igande eguerdirako.

Iturria: Oñati irratia