Euskal koben ibilbidea 2020ko Ibilbide Onena da

2020/06/02
Turinea webguneko erabiltzaileen gehiengoak hautatu du , 490 proposamenen artean

  Euskal Koben ibilbideak 500 km-ko ibilbidea proposatzen du 8 koba elkarlotuz: Arrikrutz-Oñatiko koba, Pozalagua, Ekainberri, Mendukilo, Urdazubi, Zugarramurdi, Sara eta Isturitzeko koba. Natura eta ekologia aldetik aberastasun handiko parajeak dira guztiak eta gure historia, mitologia edota geologia ezagutu eta lantzeko aukera paregabea ematen dutenak.

  Domekan amaitu zen 2020ko Ibilbide Onena hautatzeko bozka emateko epea eta Euskal Koben Ibilbideak, 4.122 jarraitzaileren botoak jaso zituen. Hautaketan bigarren sailkatu zen GR 280 ibilbideak 822 boto lortu zituen. Guztira 10 finalista zeuden urteko Ibilbide Onena lehiaketan. Aipatutakoez gain, CIDen bidea, Gipuzkoako burdin lanaren ibilbidea, Txokolatearen ibilbidea, Sefarad bideak, Santiago bidea, Kantauriar kostaldea, Gaztelaniaren ibilbidea eta Parke eta lorategi botanikoen ibilbidea.

  2020ko Ibilbide Onena aukeratu izana garaikur baten bidez aitortuko zaie Euskal Koben ibilbideko 8 partaideei. Sari-emate ekitaldia noiz egingo den zehazteko dago oraindik.

  TURINEA ibilbide turistikoen webgune erreferente da 2012tik eta urtero antolatzen du Urteko Ibilbide Onena lehiaketa. Euskal Koben Ibilbidea martxoan argitaratu zuen eta une honetan bereziki azpimarratzen da Natura turismo ibilbideen artean.

  Arrikrutzeko koba itxita dago pasa den martxoaz geroztik, alarma egoerak hala eraginda. Baina laster irekitzea aurreikusten da. Dagoeneko erreserbak hartzen hasi dira 943 08 20 00 telefono zenbakian.

Iturria: Oñati Irratia