Euskal Herriko IV. sagardo txapelketa herrikoiari dagokion hirugarren finalaurrekoa Oñatin jokatuko da, irailaren 21ean

2018/09/05
Larrain Gain elkartean izango den afari-dastaketarako txartelak salgai daude

  Larunbatean hasiko da Euskal Herriko 4. Sagardo txapelketa herrikoia, Beasainen, lehenengo finalaurrekoa jokatuko baita. Beste hiru izango dira, eta horietako bat, hilaren 21ekoa, Oñatin. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Sagardoa Routek antolatu duten Euskal Herriko sagardo txapelketa herrikoak lau finalaurreko eta finala izango ditu, guztiak irailean zehar.

  Euskal Herriko sagardogile profesionalei zuzendutako txapelketa da hau. 41ek parte hartuko dute eta finalaurreko bakoitzean 10-11ren sagardoa dastatzeko aukera izango da. Kata itsuak izango dira eta bertaratzen diren herritarrek ez dute jakingo zein sagardotegitako edariak dastatuko dituzten, ezta herri bakoitzera zeintzuk eramango diren ere. Jakin badakigu Oñatira 10 sagardo lote ekarriko direla baina ez zein sagardotegikoak. Dastaketa ez da huts hutsean izango, afari giroan egingo da. Horretarako menu berezia prestatuko da Larrain Gain elkartean. Finalaurreko bakoitzetik epaimahai herrikoiak hautatutako bina sagardo hoberenak pasako dira finalera eta beste lau puntuazioz sailkatuko dira. Irailaren 28an Usurbilen jokatuk den finalean 12 sagardo dastatuko dira.

  Oñatiko finalaurrekoa irailaren 21ean, 20:00tan, Larrain Gain elkartean izango da. Epaile izan nahi duten herritarrek afari txartelak hartu behar dituzte aldez aurretik, afalduaz egingo baita puntuaketa lana. Txartelaren prezioa 26 € da eta Izarraitz eta Arrano tabernetan eskuratu daiteke. Lekua mugatua da eta gehienez 60 lagunek parte hartu ahal izango dute. Epaile edonor izan ahalko da. Aukera eta esperientzia aparta sagardoa gustuko duten guztientzat.

Iturria: Oñati Irratia