Euskadiko udal eta foru administrazioan biharko deituta dagoen lan uztea jarraitzea erabaki du udal langileen asanbladak

2018/02/27
12:00tatik 16:00tara, udaletxeko erregistroan, langile bat izango da zerbitzu minimoak betetzen eta kiroldegia itxi egingo da

  Lan egitea, greba egitea bezala, langilearen eskubidea da. Alde horretatik, udal langileek bihar normaltasunez lan egitea erabaki dezakete. Baina ostiralean bildu zen langileen asanbladak, gehiengoz, administrazio publikoan deituta dagoen lau orduko lan uztea jarraitzea erabaki zuen. Hori bai, hasieran sindikatuek proposatutako ordutegia pitin bat moldatu da eta Oñatin, lan uztea, 12:00tatik 16:00tara egitea adostu zen, goiz eta arratsaldeko lan txandako bina ordu hartuta.

  Zubikoa kiroldegia 12:00tatik 16:00tara itxita egongo da bihar eta ondorioz, ordu tarte horietan egin ohi diren ikastaroak bertan behera utzi dira. Udal bulegoak goizean, 9:00tan, normaltasunez irekiko dira baina 12:00tatik-14:00tara zerbitzu minimo gisa aginduta dagoen erregistroa zabalik izango dela ziurtatu daiteke, soilik. Besteak, zerbitzuko langileek lana uzten duten ala ez beteko dira. Kultur etxean eta Liburutegian normaltasunez arituko dira bihar lanean eta Euskaltegian ere lan uzteak ez die eskolei eragingo. Udal komunikabideetan lan uztea egingo da eta bihar ez da irratsaiorik izango Oñati Irratian.

  Biharko lan uzte deialdia tarteko bermatu beharreko zerbitzu minimoak Alkate Dekretuz agindu dira. Udal bulegoetan, esan bezala, dokumentu erregistroa eta harrera telefonikoa betetzeko langile bat egon beharko da. Udaltzainek ez dute greba egiteko eskubiderik eta zerbitzua %100nean bete beharko dute eta argi eta ur hornidura zerbitzua jaiegunetan bezala mantenduko da.

  LAB eta ELA sindikatuek deitu dituzte biharko lanuzte eta mobilizazioak Euskal Autonomia Erkidegoko udal eta foru administrazioan. Zerbitzu publikoak garatu eta pribatizazioak gelditzea, enplegua berreskuratu eta behin-behinekotasun tasak %6ra jaistea eskatzen dute. Era berean, sektoreko hitzarmen berria negoziatzea eskatzen dute. Bihar eguerdian elkarretaratzea egingo da udaletxe aurrealdean.

  Biharko lan uzte deialdiak udal langileei ez ezik, Debagoieneko mankomunitatekoei ere eragingo die. Zentzu horretan, Urrutxuko garbigunea, eskualdeko gainontzekoen antzera, bihar arratsaldean itxita egongo dela jakinarazi dute.

Iturria: Oñati Irratia