Euskadi etorbideko argi-hariteria eta zoladura berritzen ari dira, ur hoditeria aldatzeko lanak probestuz

2020/04/29
Card image cap
Irisgarritasuna hobetzea da helburua

  Gipuzkoako Urak enpresa Euskadi etorbidean egiten ari den lanak tarteko, argindar azpiegitura eta zoladura berritzea erabaki du Udalak. Lana egiten ari den MORGA enpresarekin harremanetan jarri ziren aurrekontua eskatzeko, eta ontzat eman eta gero, edateko uraren hoditeria aldatzearekin batera inguruaren irisgarritasuna hobetzeko lan osagarriak egitea erabaki zuen Udalak.

  Euskadi etorbideko argiteriaren hariteria lurpetik doa zati batuetan eta airetik beste batzuetan. Azpiegituraren egoera ikusita argiteriari dagokion obra zibila egitea erabaki da. Aldi berean, eta ur hoditeria aldatzeko Euskadi etorbidearen alde bateko espaloia guztiz jaso denez, espaloiko zoladura berritzea eskatu dio udalak MORGA enpresari. Euskadi etorbideko 2tik 16ra, zenbaki parrei dagokien bebarruen aurrealdeko espaloi-zoladura berritzen ari dira. Herriko beste hainbat tokitan jarri diren tamaina eta ezaugarri bereko baldosak jartzen ari dira, nonbait, mantentze arazo gutxiago ematen duten baldosak dira. Zebrabideetako seinaleztapen marrak ere egokituko dira, indarrean dauden irisgarritasun neurrietara.

  Lan hauek orain eginda, epe motz-ertainean Euskadiko etorbidean zanga berriak ireki edo obratan berriro hastea saihestu nahi da. Argiteria azpiegitura eta zoladura berritzeko lan osagarri hauek ia 44.500 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!