Etxez etxeko laguntza zerbitzua EULEN enpresari esleitzea proposatu du Kontratazio mahaiak

2018/06/12
Behin betiko esleipena egin aurretik dokumentazioa aurkeztu eta fidantza ordaindu beharko du

  Azken bi urteetan Eulen enpresak berak kudeatu du Oñatin etxez etxeko zerbitzua. Baina udalarekin 2016an sinatu zuen kontratua beste bi urtez luzatzeari uko egin zion, indarrean zen aurrekontua zerbitzuaren kostuari aurre egiteko nahikoa ez zela argudiatuta. Ondorioz, udalak, zerbitzu kontratazio prozedura berria abiatzea erabaki zuen. Sei enpresa aurkeztu ziren etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora. Kontratazio mahaiak, txosten teknikoak eta eskaintza ekonomikoak baloratu ondoren, esleipena, Eulen enpresaren alde egitea proposatu dio Udalari.

  Eulenen eskaintza ekonomikoa aurkeztu diren seien arteko bigarren garestiena izan da, proposamen teknikoa aldiz, hoberen baloratu dena. Lan egunetan, zerbitzu ordua 24.88 eurotan eta jai egunetan 31.20 eurotan ordaintzea proposatu zuen enpresak, hau da, udalak finkatutako gehienezko prezioarekiko 12 zentimo eta 5 zentimo merkeago. Kopuru horiei BEZa batu behar zaie. Oraingoz behin behinekoa den esleipena, behin betiko bihurtu dadin Eulenek hainbat dokumentu aurkeztu behar ditu eta ia 59.000 euroko behin betiko fidantza ordaindu beharko du.

  Gaia, okerrik ezean ekaineko Osoko bilkuran onartuko da eta Eulen enpresarekin kontratu berria sinatuko du udalak. Hasiera batetan bi urterako kontratua izango da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta norberaren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. Maiatzean, 58 familik jaso zuren etxez etxeko laguntza zerbitzua. 21 lagun aritu dira horretan lanean eta guztira, 1800nen bat ordu bete dira, beti ere, maiatzean, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia