Etxebizitza prekarietatea hizpide da Lege Soziologia Institutuan gaur hasi den mintegian

2015/06/25
Card image cap
Gaia, nazioarteko ikuspuntutik eztabaidatuko den arren, Euskal Herriko egoerari tarte egingo zaio bihar arratsaldean

  Hiru ikerlari britainiarrek koordinatzen dute Unibertsitate Zaharrean hasi den mintegi berria, baina euskal adituak ere badira eta hauetako baten eskutik azalduko da bihar Euskal Herriko egoera. Joxerramon Bengoetxea Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko izan zenak eta egun Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle denak emango ditu azalpen horiek. Izan ere, etxebizitza prekarietatearen gaia gaurkotasun handikoa baita baina bereziki gure artean, Eusko  Legebiltzarrak pasa den astean bertan onartu baitzuen Etxebizitza Legea.

  Etxebizitza duina izateko eskubidea, Giza Eskubideen deklarazioan jasota dago. Hala ere, garbi dago eskubide hau sarritan urratzen dela, bereziki bizi dugun krisi ekonomikoak  eraginda. Lege Soziologia Institutuan gaur hasi den mintegian, etxebizitzarako eskubidearen inguruan eman den aldaketa dramatikoa testuinguru historiko eta politikoan kokatzen saiatuko dira.

  Etxebizitza prekarietatea areagotu edo moteltzeko zuzenbideak eta estatuek zein paper jokatzen duten aztertuko da. Aldi berean, etxebizitza hutsen okupazioaz, hiritarrek nozitzen duten segurtasun falta gutxitu eta egoera hobeto kudeatzeko dituzten estrategiez eta segurtasun falta horrek berak sortzen dituen ondorioez ere eztabaidatu da.
Unibertsitate zaharrean, nazioarteko 25 adituk bat egin dute mintegi honen baitan. Horrek, ohikoa denez, jurisdikzio ezberdinetan martxan jarri diren konponbideen emaitzak azaldu eta eraginkorrenak eta zuzenenak zeintzuk diren ezagutzeko aukera emango du.

  Finantza krisi globalak hipotekak ezin ordaindu eta etxebizitza galtzera eraman ditu lagun asko, horrek, familietan bestelako arazo eta ondorioak ere eragin dituelarik. Baina zuzenbideak edo lege erreformak ez al du halakoei aurre egiteko baliabiderik?  Guzti horretaz eztabaidatuko da bihar arratsaldera arte Unibertsitate zaharrean. Guzti horretaz eta gaia gehiago zabalduz, hirien superpopulazioaz, ingurumena kaltetzeaz eta aldaketa klimatikoaz ere eztabaidatuko da, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!