Etxaluzeko parkearen urbanizazioa eraberritzeko lanak lizitaziora atera ditu udalak

2017/07/24
Card image cap
Eskaintzak egiteko epea abuztuaren 16an amaitzen da

  Lazarraga, Martzelino Zelaia eta Aita Lizarralde kale artean dagoen eremua berritzeko, Parke gorrixa izeneko proiektua landu dute Altube-Negeruela-Otaegi arkitektoek. Proiektuaren arabera, Etxaluzeko parkearen eremu zabala banatu egingo da borobil formako eremu txikiago eta batuagoetan. Modu horretan indartu egin nahi da parkeak elkagunerako duen erabilera. Aita Lizarralde kaletik emango zaion sarrera berriari esker gainera, pasealeku funtzioa ere berreskuratuko du parkeak. Elkargune edo topaleku lasai eta erosoa sortzea da helburua, belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko harremanak sustatzeko.

  Parkea berritzeko erabiliko den materialen hautaketa bereziki zaindu da, asfaltozko ibilbideak, egurrezko eserlekuak eta zoru-guneak eta belarra konbinatuko dira. Parkeak egun dituen belardi eta zuhaitzak mantenduko dira eta zuhaitz berriak landatzea aurreikusten da.

  Etxaluzeko parkea eraberritzearekin batera, azpian dauden garajeak iragazgaizteko lanak egingo dira. Inpermeabilizazio lan osagarri horiek garaje jabeek ordainduko dituzte.

  Parke gorrixa izeneko proiektuaren lanak lau hilabeteko epean egin beharko dira. Udalak zehaztu duen lizitazio aurrekontua 359.424 € gehi BEZa da. Lanak esleitzerakoan eskaintza ekonomikoa eta memoria teknikoa maila berean baloratuko dira, 100neko balorazio orokorrean 45na puntu. Gainontzeko 10 puntuak, udalak zehaztutako 10 urteko gutxieneko berme epea luzatzearen ondorioz eskuratu ahal izango dira. Abuztuaren 16an amaituko da Parke gorrixa obraren lizitaziorako proposamenak aurkezteko epea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!