ETEOko Musika Eltziaren beheko solairuaren banaketa egiteko obra 3 fasetan gauzatuko da.

2014/12/29
Udal Gobernu taldeak onartu berri duen proiektuak 595 mila euroko aurrekontua du.

  Eltzia egitasmo kulturalaren baitan, Larraña Auzoa 16 zenbakiko erdi-sotoko zati bat zaharberritzea aurreikusten da, bertan musika entsegu-lokalak egokituz.

  Udal gobernu taldeak onartu berri duen proiektuak tamaina ezberdineko entsegu gelak eta lokalak egokitzea ez ezik, lokal horien intsonorizazioa bermatzeko bete beharreko baldintzak eta indarrean dagoen gainontzeko araudia betetzeko neurriak jasotzen ditu.

  Egitasmo handia da bai egokituko den espazioari erreparatuta eta baita horretarako egin beharko den inbertsioagatik ere. Horretxegatik, lanak, hiru fasetan gauzatzea aurre ikusi da. Lehen fasean 30-35 m2 inguruko 10 lokal eta 65 m2 gela egokituko lirateke; bigarren fasean, 50 m2-ko beste gela bat eta 20 m2-ko 3 entsegu-lokal prestatuko lirateke, hirugarren fasean amaitzeko, grabazio estudio bat egokituko litzateke.

  Aipatu hiru fasetan lehena da garestiena. Proiektuan zehaztu denez, 379 mila euroko aurrekontua eskatuko luke. Horri, BEZa batu beharko litzaioke. Bigarren faseak, ia 127 mila euroko inbertsioa eskatuko luke eta hirugarrenak beste 89 mila euro pasatxo. Guztira, Musika Eltziaren beheko solairuaren banaketa eta egokitze lanek, onartu berri den proiektuaren arabera 595 mila euro pasako aurrekontua dute.

  Orain 10 egun onartu ziren 2015eko aurrekontuetan, 300.000 euroko partida berezitu zen Musika Eltziako lehen lanak egiten hasteko, hau da, lehen lokal eta gelak berezitu eta egokitzeko.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: ETEOko gela (Kontzejupetik)