ETEO eraikin zaharrean zer egon behar den eta proiektua nola gauzatuko den landuko da orain hasi eta ekaina bitartean.

2014/02/07
Card image cap
ELTZIA egitasmoaren bigarren fase honen inguruko xehetasunak asteartean aurkeztuko dira.

  Sormen eta kultura arloan herriko egoeraren erradiografia osatu ondoren, lehen fase honetan ezagutu diren taldeen behar eta nahi izanei nola erantzun definitzeko ordua iritsi da. ETEO zaharreko espazioa zertarako erabili, nolako baliabideak izan beharko lituzkeen, nola antolatuko litzatekeen edota bertan nortzuk egon beharko luketen eztabaidatuko da. Hitz batean esanda, etorkizuneko proiektua diseinatzeko ordua iritsi da.

  Horretarako bost lan talde martxan jartzea aurre ikusten da: sormen, musika, gorputza, herri mugimenduak eta udala.
Sormen eltzia deitu den taldean, arte ederrak, irudia, soinua, ikus-entzunezkoak, artisauak, moda eta arkitektura arloko sortzaileak sartuko lirateke. Musika eltzian, rock taldeak, batukada, trikitilariak… orokorrean musika jardunarekin zer-ikusi duten guztiak. Gorputz eltzian, gorputz adierazpen ezberdinak bildu nahi dira, dela antzerkia, dantza… Herri mugimendu eltziak, kultur eta gizarte ekintza elkarte eta taldeak bilduko ditu eta udal eltziak berriz, udalaren aldetik egon daitezkeen proposamenak landuko ditu.

  Auzoa eta ekintzailetasuna eta enplegua gaiak landu beharra ere ikusi da. ETEOk zer izan behar duen diseinatzerakoan, inguruko auzokideak eta herriko beste auzo batzuk dituzten beharrak kontutan hartzea ezinbestekotzat jo da. Ekintzailetasunaren alorrean zertan lagundu dezakeen ere landu nahi da.

  ELTZIA egitasmoaren bigarren fasea otsailetik ekainera bitartean luzatuko da. ETEO zaharraren etorkizuna diseinatzeko erabakigarria izango den bigarren fase honen aurkezpen publikoa, datorren asteartean egingo da, ETEOn bertan, arratsaldeko 7etan.

  Bertan, esan bezala, etorkizuneko proiektuaren diseinua nola egingo den eta talde ezberdinek prozesuan nola parte hartu ahal izango duten azalduko da. Era berean, orain arte egin den gizarteratze eta radiografia fasean, herriko egoeraz atera diren ondorioak ere plazaratuko dira.

  Oñatiko herri mugimendua anitza dela eta funtzionamendu eredu oso ezberdinez osatuta dagoela da lehen fasean atera den ondorio nagusia. Aniztasun horrek parte hartzeko aukera asko eskaintzen ditu baina aldi berean, aktibismoan lan egiten duten kideen dispertsioa sortzen du. Eskaintza eta baliabide aldetik gainkarga bat ere sortzen du.

  ELTZIA egitasmoaren lehen fasean parte hartu dutenentzat proiektu interesgarri eta aberasgarri da, aukera berriak sor litzakeena. Lehen fase honetan bereziki garrantzia eman zaio lan egiteko era berriak sortzeari, baliabideak elkarbanatzeari eta elkarlanari. Herriko artisau, sortzaile eta arte ederretako eragileek inoiz izan ez duten sormen espazio baten beharra adierazi zuten. Beste elkarte eta talde batzuk ere toki baten beharra edo tokiz aldatzeko beharra agertu dute.

  Orain arte egin den bidean bestalde, abiapuntu ziren kultura eta sormenetik haratago ekintzailetasuna eta enplegua eta udal zerbitzuen beharrizanak landu beharra ere ondorioztatu da. Orain arte egindako lanaz eta datozen 5 hilabeteetan egin nahi denaz berba egingo da asteartean egingo den aurkezpen publikoan. ETEOn izango da arratsaldeko 7etan hasita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!