Esteban Urzelai Oviedoko Operako abesbatzako zuzendari berria izango da

2020/07/06
Oñatiko Ganbara Abesbatzan hasi zen zuzendari lanetan, 1996an

  Oviedoko Opera abesbatzako zuzendari izendatu berri dute Esteban Urzelai oñatiarra. Elena Mitrevskaren postua hartuko du. Mitrevska, 2016ko martxotik egon da Oviedoko Operako abesbatza zuzentzen, baina orain, Suediako Malmö Operako zuzendari izendatu dute. Horrela, Urzelaik hartuko du bere lekua.

  1996tik 2009ra Oñatiko Ganbara Abesbatza taldearekin hasi zuen Esteban Urzelaik abesbatzen zuzendaritza ibilbidea. OGArekin hainbat sari irabazi zituen, Rojaleseko Estatuko Abesbatzen Sari Nagusia, 2004an, eta Abesbatzen Sari Nagusia Certamen Internacional de Habaneras y Polifonia de Torrevieja lehiaketan, 2008an, besteak beste. Nazioartera ere Urzelairen eskutik salto egin zuen Ganbara Abesbatzak Esloveniako Maribor hiriko Abesbatzen Lehiaketan parte hartuz, 2006an.

  2004. urtean Donostiako Orfeoiko harrobiaren zuzendaritza hartu zuen oñatiarrak eta orfeoiaren gazte koruarekin, Ejea de los Caballeros abesbatzen lehiaketako gazteen kategoriako lehen saria lortu zuen 2016an. Hiru urte beranduago, publikoaren saria eta zuzendari onenaren saria irabazi zuen Nafarroako "Acapella" abesbatzen lehiaketan. Orain arte Donostiako Orfeoiko zuzendariordea izan da Urzelai, eta Suhar gizonezko abesbatzaren zuzendaria ere bada 2018a geroztik.

Iturria: Oñati Irratia