Esleitu dira jada Errekalde auzoan egingo diren irisgarritasun lan berriak eta Aozaraza kalea eraberritzeko lanak.

2013/11/05
Ugarte eta Egaralurri esleitu zaizkie baina kontratua sinatu aurretik, eraikuntza enpresek hainbat dokumentu aurkeztu behar dituzte.

  Halakoetan jarraitzen den prozedura beteaz, kontratazio mahaiak proposatutako esleipenak gauzatu daitezen, enpresek, behin betiko berma ordaindu behar dute eta ogasuna eta gizarte segurantzarekin ordainketak egunean dituztela egiaztatu behar dute. 10 eguneko epean aurkeztu beharreko dokumentu horiek udalean entregatuta, lanak egiteko kontratuak sinatuko dira. Okerrik ezean, Errekalde auzoan egingo diren irisgarritasun lanak Ugartek egingo ditu eta Aozaraza kalea berruranizatzekoak, Egaralurrek.

  Errekalde auzoa irisgarritasun neurrietara egokitzeko orain arte egin diren lanak osatuz 4. Area moduan izendatu dena moldatuko da. Auzoa egituratzen duen “U” irudiko kalearen oinezko bide nagusia eta errepidea egokitu ondoren, ibilbide nagusi horretatik kanpo geratu diren bebarru edo atari eta garajeetarako pasabideak egokituko dira. Beharrezkoa denean eskudelak eta hiri altzariak ere jarriko dira. Lanak, BEZa kanpo delarik 151 mila euroren truke egitea proposatu du Ugarte eraikuntzak. Hasieran udalak zehaztutako epea gordeaz, lau hilabeteren buruan egingo dira.

Aozaraza kalea eraberritzeko lanak berriz, Egaralurri esleitu zaizkio. LKS ingenieria kooperatibak osatu zuen proiektuaren arabera, Aozaraza kalea guztiz berrurbanizatuko da. Plataforma bakarreko kale bihurtuko da eta oinezkoei lehentasuna emate aldera, autoen aparkalekuak eta trafikoa mugatu egingo da. Baina lanak ez dira kalea asfaltatzera soilik mugatuko, azpiegiturak ere berrituko dira. Gipuzkoako Urak enpresak ur hornidura eta ur zikinen saneamendu sareak aldatuko ditu, Oñargik, aireko elektrizitate hariteria lurperatuko du eta Telefonikari ere, fatxadetan zintzilik doan hariteria lurperatu dezan eskatu zaio.

  Horrezaz gain, inguruko lau etxe eraikin eraitsi ondoren sortu diren plaza eta berdeguneak egokituko dira, eta hauen pareko errotondaren biraketa-erradioa handituko da. Horretarako baimena eskatu zaio behintzat errepide zati horren jabe den Diputazioari. Lanok egitearren, onartu den aurrekontua 194 mila euro gehi BEZa da.

  Hiru-lau hilabeteren buruan egin beharko diren bi lanok, azaroan bertan hasiko dira. Udalak eskatutako dokumentazioa aurkeztu eta kontratuak sinatuta, plangintza zehaztu eta berehalakoan hasiko dira.

Iturria: Oñati irratia