Eskualdeko txakolina, txokolatea eta garaiko barazkiak promozionatuko dira Debagoieneko 17. jardunaldi gastronomikoetan.

2014/06/16
Ostiralean martxan jarri ziren Jardunaldiak bihar aurkeztuko dira Etxe Aundi jatetxean.

  Modu berezian egingo da gainera aurkezpen hori, txokolatezko postreen tailerra egingo baita. Aurkezpen ekitaldia arratsaldeko 6etan izango da eta ondoren, aipatu sukaldaritza tailerra. Parte hartu nahi duenak, aurrez izena eman behar du mankomunitateko turismo departamentura telefonoz deituz, 943 79 64 63 zenbakira deituz.

  Txokolatea da, esan bezala, abian diren Debagoieneko 17. jardunaldi gastronomiko hauetan landuko den produktuetako bat, besteak, eskualdeko txakolina eta garaiko barazkitxoak.

  Oñatiarren partaidetza ugaria da beste behin ere, Jardunaldi Gastronomiko hauetan, Etxe Aundi, Goiko Benta eta Torre Zumeltzegi jatetxeek parte hartzen baitute, Arrasateko Hilarion eta Santa Ana, Bergarako Lasa eta Elgetako Maialde jatetxearekin batera. Horrezaz gain, eta azken jardunaldietan jada ohikoa bihurtu denez, Gomiztegi baserrira bisita bereziak egin ahal izango dira astebururo eta gainera, Oñatin ekoitzitako bi txakolin promozionatuko dira Upain eta Murgialdaiko txakolinak.

  Baina Arantzazuko Gomiztegi baserrira ez ezik, eskualdeko beste bi baserritara ere bisita gidatuak antolatu dira: Antzuolako Lapatza eta Aretxabaletako Mendibitzura. Hauetan, produktuak, ekologikoan lantzen dituzte.

  Antzuolako Lapatza, Aretxabaletako Mendibitzu eta Arantzazuko Gomiztegi baserrira egingo diren bisita gidatuetan parte hartu ahal izateko ere, aurrez izena eman behar da.

  Gastronomia jardunaldi hauen helburua tokian tokiko eta garaian garaiko produktu gastronomikoen promozioa egitea da Eusko Jaurlaritzako turismo sailak daraman bidearekin uztartuz, eskualdeko turismo eskaintza eta  gastronomia lotuaz.

  16. gastronomia jardunaldi hauek, ostiralean, hilaren 13an hasi eta uztailaren 31ra arte luzatuko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!