Eskualdeko jubilatu elkarteek pentsio duinen aldeko mobilizazioetan parte hartzen jarraituko dute

2018/05/17
Card image cap
Duintasunez bizitzea giza eskubidea dela eta eskubide hori bermatzeko neurriak hartzea eskatu dute

  Eskualdeko 11 jubilatu elkarte biltzen dira AGIJUPENS Gipuzkoako elkargoan. Debagoienako batzorde honek pentsioen gaia aztertzeko lan-taldea eratu zuen eta egindako lanaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur goizean Pake Leku elkartean. Duintasunez bizitzeko eskubidea Giza Eskubideen Nazioarteko Gutunean eta Espainiako konstituzioan jasota dagoela esan dute eta ondorioz, pentsioek duintasun eskubidea bermatu behar dutela azpimarratu dute, dirua edonondik ateratzen dela ere.

  2020rako aurreikusi baina 2023ra atzeratu daitekeen Sostengarritasun faktorearen aplikazioa arbuiatzen dute eskualdeko jubilatuen elkarteetakoek, eta bertan behera utzi dadin exijitzen dute. Alarguntza pentsioak bereziki aipatu dira gaurko prentsaurrekoan, alarguntza pentsioak egokitzeko beharra eta gizartearen ongizateari ekarpen handia egin dieten etxekoandreen lanari errekonozimendua eta aitortza ekonomikoa egitea eskatu dute.

  Europako gutun soziala jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegorako 1080 €ko gutxieneko pentsioa aldarrikatu dute eskualdeko jubilatu elkarteetako bozeramaleek.  Kopuru horretara iristeko neurriak urtez urte hartu daitezen eskatuz . Eusko Jaurlaritzak pentsioen arloko konpetentzia eskuratzea, EAJk eta PPk pentsioen inguruan adostu dituzten neurriak legez bermatzea eta Toledoko paktoa edo pentsioen sistema osoa berrantolatzeko beste foro bat eratu eta lanean hasi dadila eskatu dute. Bitartean, azken asteetako mobilizazioekin jarraituko dutela esan dute Debagoienako jubilatuen elkarteetako ordezkariek. Maiatzaren 26an Donostian egingo den manifestaziora joateko gonbidapena zabaldu dute, eta horretarako, herririk herri autobusak antolatuko direla aurreratu dute. Oñatin gainera, astelehen eguerditako elkarretaratzeei eusten zaiela esan du Pake lekuko ordezkariak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!