Esku-hartze sozio-hezitzaile eta psikosoziala egiteko zerbitzua bigarren urtez luzatuko du udalak

2021/02/23
Card image cap
Hezitzaile berri bat kontratatuko du enpresak, egun erdiz

  2018an sinatu zuen udalak esku-hartze sozio-hezitzaile eta psikosoziala egiteko zerbitzu kontratua Izan Intervencion familiar y comunitaria enpresarekin. Bi urterako kontratua zen baina beste bi urtez luzatu zitekeenaren baldintzarekin. Iazko apirilean lehen luzapena egin zen eta orain urtebeteko bigarren luzapena egitea onartu du gobernu taldeak, udaleko gizarte zerbitzuek proposatuta. Lan taldea handitu egingo da gainera, hirugarren hezitzaile bat, egun erdiz kontratatuta.

  Terapia arloan eta gizarte eta hezkuntza arloan, arriskuan dauden adingabeekiko familietan esku-hartzeko programa eta Oñatin arrisku egoeran dauden nerabeentzako kale hezitzaile programa betetzen du egun IZAN enpresak. Aldi berean gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsona helduei zuzendutako esku hartze sozio-hezitzaile eta psikosoziala ere betetzen du. Kasu guztietan bakarka, taldeka eta komunitate mailako interbentzioak uztartuz. Zerbitzuaren helburu nagusiak hauek dira: babesgabetasun eta bazterkeria kasuen detekzio goiztiarra, ekintza terapeutikoak eta hezkuntza arlokoak garatzea adingabeekin eta gizarte bazterketa egoeran dauden helduekin, eta arlo horietan udal-komunitate zerbitzuekin elkarlanean eta koordinazioan jardutea.

  Herriko eta herritarren beharrak aldatu egin dira IZAN enpresarekin lehen zerbitzu kontratua izenpetu zenetik hona; kasuak gehitu dira, familien profil eta ezaugarriak aldatu eta egungo osasun egoerak berak zerbitzua egokitu beharra eragin du. Une honetan, esaterako, bazterkeria arriskuan dauden helduen bi kasu kudeatzen ari dira, baina pandemiaren ondorioz, zailtasun ekonomikoan dauden herritarrak gehitzea ez litzateke harritzekoa izango.

  Esku-hartze sozio-hezitzailea eta psikosoziala eskatzen duten kasuak ere ugaldu egin dira eta egun, arreta guztiei ematen bazaie ere, dinamika horretan jarraituz gero itxaron zerrenda ireki beharra ez da baztertzen. Puntu horretara ez iristeko hezitzaile berri bat kontratatzea onartu du gobernu taldeak. Hirugarren hezitzaile honek egun erdiko jarduna izango du. Kontratazio berri honekin IZAN enpresaren lan taldea bost lagunek osatuko dute: hiru hezitzailek, terapeuta batek eta hilean 20 orduko lanaldia betetzen duen taldeko arduradun-aholkulariak.

  Izan Interveción familiar eta comunitaria enpresarekin berritu eta osatu den  kontratuak, 2022ko eko apirilaren 2ra arteko iraupena izango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!