ESKOLAKO BIDEA jardunaldiak antolatu dira datorren asterako

2019/03/05
Card image cap
Beste esperientzia batzuk ezagutu eta Oñatikoa partekatzeko lau hitzaldi antolatu dira martxoaren 12 eta 14rako

  Bagabiltz proiektua aberasten jarraitzeko esperientzia eredugarriak ezagutu eta egindako lana balorean jartzeko jardunaldiak izango dira datorren astekoak. Eskolarako joan-etorriak modu jasangarri baten egitea baino gehiago dago Eskolako bidea proiektuaren muinean; herrigintza, elkarlana, partaidetza, hausnarketa eta eraldaketa, besteak beste. Azken bost urteetan Oñatin martxan dagoen egitasmoak beste esperientzia batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du oraingoan, besteengandik ikasi eta baita bertako esperientziatik ateratako ikaspenak partekatzeko ere. Martxoaren 12 eta 14rako antolatu diren bi saioak Udaletxeko Areto Nagusian izango dira, 18:00etatik aurrera. Euskarazko hitzaldietan itzulpen zerbitzua egongo da.

  Datorren asteartean, Lorea Agirre kazetari eta antropologoak eta Isabel Prieto geografo eta urbanistak berba egingo dute.
Lorea Agirrek hiriak pentsatu eta kudeatzeko perspektiba aldaketa baten beharraz hitz egingo du: lanean dauden pertsona helduen ikuspuntu hegemonikoaz gain, haurren ikuspuntua ere kontuan hartu behar dela aldarrikatuko du. Jarraian, Isabel Prietok berba egingo du. Haurren mugikortasuna lantzen aditua eta aritua da Gipuzkoan eta Euskadin. Urte hauetan zehar ikasitakoaz arituko da.

  Martxoaren 14an, eguenean ere, beste bi hizlari izango dira: Salvador Fuentes arkitekto teknikoa eta Oñatiko Eskolako Bidean ari diren teknikariak. Salvador Fuentesek, Bartzelonako Diputazioarekin elkarlanean, mugikortasun jasangarriaren aldeko proiektuak sustatuz 20 urtez egindako lana azalduko du. Amaitzeko Oñatin Eskolako Bidea egitasmoa eta mugikortasun segurua bultzatzen duten arduradun eta teknikarien taldeak hartuko du hitza. Eta gurean egindako lanketa eta burututako ekimenez gain, aurrerantzean Oñati haurrekiko abegikorragoa izateko erronkei buruz izango da beraien berbaldia.

  Bost urte dira jada Oñatin Eskolako Bidea proiektua garatzen hasi zenetik. Udalak sustatutako egitasmo honetan herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeek parte hartzen dute. Elkarlanean egindako bide honetan, proiektua aberasten jarraitzeko unea heldu da. Horregatik, orain arte egindako lana balorean jartzeko eta beste hiri eta herrialdeetako esperientzia eredugarriak ezagutzeko antolatu dira jardunaldiok.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!