Eskaintza bakarra jaso da orain arte Atzeko kaleko beheko zatia egokitzeko lanetarako

2016/04/04
Card image cap
Lizitaziora aurkezteko epea bihar eguerdian amaituko da

  Atzeko kalean egin asmo diren lanek, Ramon Irizar kaleko bidegurutzetik behera dagoen kale zatia ez ezik, bertara jotzen duten hiru kantoi ere hartzen dituzte, Ibarrondo, Kirrin eta udaletxe atzealdeko kantoiak. Azken honek gainera tratamendu berezia izango du; udaletxe inguruko kantoia eta kale zatian adokinak jarriko baitira Kale Barriako ereduari jarraituz. Gainontzeko kale zatian eta Ibarrondo eta Kirrineko kantoietan hormigon inpreso deritzona botako da, Atzeko kaleko goialdean egin zen bezala. Horrela, Atzeko kaleko itxura bateratuko da.

  Lan hauek egiteko epea mugatua da oso, hiru hilabete eta erdian egin beharko dira, Korpus jaiak pasa eta San Migelak hasi bitartean gainera. Kontu egin behar da egokitu nahi da kale zatia gune estrategikoan dagoela, herri gunean eta Korpus prozesiñoak betetzen duen ibilbidean. Horregatik, lanak, herriko bi jai nagusien ospakizunen artean egitea aurre ikusi da.

  Guztira, lizitaziora atera diren lanen aurrekontua 346.000 euro dira. Zatirik handiena, Atzeko kalearen behealdea oinezkoentzat egokitzeko lanei dagokie: 263.000 euro. Kopuru hau Udalak ordainduko du. Gainontzeko 83.000 euroak Gipuzkoako Urak enpresak ordainduko ditu, bidea konponduko dela aprobetxatuko baita, ur azpiegitura sarea berritzeko. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontu hori dena den, merkatu daiteke, enpresen  eskaintza ekonomikoa esleipenerako irizpide nagusia izango baita. Proposamenen balorazioan gehienez lortu ahal izango diren 100 puntutik 80, eskaintza ekonomikoari lotuta emango dira. Beste 20ak, egikaritza epea eta hobekuntzei dagozkionak izango dira. Proposamenak aurkezteko epea, bihar, 14.00tan amaitzen da. Orain arte, eskaintza bakarra jaso da udal bulegoetan.

  Atzeko kale egokitzeko lehen faseko lanak, kalearen goialdeko lanak 2011an egin ziren. Orain, beheko zatia egokitzeko esleipen prozesua abian da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!