Ertzainek eraso egin zietela salatu dute herriko bost gaztek sare sozialen bidez

2019/06/17
Card image cap
Udaleko gobernu talde berriak gertatutakoa argitzeko informazioa eskatuko du

  Salatutako gertaerak larunbat gauean jazo ziren, Antixena parke inguruan,  identitatea gorde nahi duten bost gaztek salatu dutenez. Salaketa-idatzia sare sozialen bitartez zabaltzen ari da. Gaztetxean izan ziren kontzertuak amaituta plazarako bidean, Antixena parketik ateratzen ari zirela, ertzain kotxe baten argi urdinak ikusi zituzten eta batek zipaioak zeudela komentatu omen zuen. Berehalakoan, uniformez nahiz kale jantziz jantzitako hamarren bat ertzain gainera joan zitzaizkien borra luzagarriak erabiliz jipoitzen, beti ere, gazteek zabaldutako idatziaren arabera. Gazteek gerri, hanka eta besoetan ubeldu eta kontusio ugari dituztela salatu dute eta jasan zuten bortizkeriaren erakusle, ertzainetako batek borra apurtu zuela zehaztu dute idatzian.

  Sare sozialen bidez zabaldu den Idatzian ez da izenik ematen eta erasoa jasan genuen gazteak esaldiaz amaitzen da. Ondorioen beldur salaketa formalik ez dutela jarriko ere adierazten da idatzian eta arrazoi beragatik anonimotasuna mantentzea erabaki dutela azpimarratzen da. Ertzainen aldetik identifikaziorik ez zitzaiela eskatu eta eurak bezala beste edonor jipoitu zezaketela azaltzen da idatzian.

  Herriko bost gazteren salaketa sare sozialen bidez  jaso duela jakinarazi digu udaleko gobernu talde berriko kide batek, baina beste daturik ez duela zehaztu digu. Dena den, gertatutakoa argitzeko informazioa jasotzeko asmoa dutela gaineratu digu.
Salaketaren inguruan  Ertzaintzan galdetuta, asteburuko gertaeren artean halako aktuaziorik ez dagoela jasota erantzun diotela argitaratu du Goienak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!