Errezeta elektronikoa ostegunean jarriko da martxan Oñatin.

2012/09/24
Sistema berriak egungo paperezko errezetak ordezkatuko ditu eta norberaren osasun txartelaz zuzenean, medikuak aholkatutako botika erostea ahalbideratuko du.

  Hasieran iragarritakoa baino lauzpabost hilabete beranduago baina errezeta elektronikoa Oñatira iristear dago. Ostegunean izango dela adierazi digu Juldain botikako arduradunak.
Errezeta elektronikoaren sistema jarri aurretik, egokitze eta prestatze lan ugari egin behar izan da. Anbulatorioan bertan, tratamendu jakin bat duten gaixoen datuak informatizatu dituzte, botikatik bere historialera sartzen direnean farmazilariak zein botika eman behar dion jakin dezan.

  Farmazietan ere, informazio hori ikusi ahal izateko programa informatiko berezia jarriko dute. Etzi bertan kargatuko dira programa horiek herriko lau botiketan. Eta azken orduko zalantzak argitu eta lan sistema berriaren inguruko xehetasunak emateko bilerak egingo dira anbulatorioan bertan. Gaur, herriko botikariak Osakidetzako tekniko eta adituekin elkartuko dira eta bihar berriz, botikariak anbultorioko erizain, mediku eta harreragileekin.

  Aurrerantzean  eta E-rezeta indarrean jartzen denetik anbulatorioko medikuek ez dute paperean errezeta gehiagorik egingo, horien ordez, tratamendu-orriak emango dituzte eta bertan medikamenduaren izena, dosia eta tratamenduaren epeak agertuko dira. Osasun aginduaren informazioa bide telematikotik kargatuko da eta zuzenean iritsiko da Farmaziara. Horrela, pazientea kontsultara joan ondoren, zuzenean Farmaziara abiatuko da bere osasun-txartelarekin, eta han emango diote agindutako botika. Horretarako ordea, txipa duen osasun txartela beharko da. Halakorik jaso ez duenak anbulatorioan eskatu beharko du.

  Errezeta eletronikoaren sistema berria, orain artekoa baino erosoagoa da, botika hartu behar dugun aldioro anbulatoriora paperezko errezeta bila joan beharrik izan gabe, farmazian bertan eskuratuko digutelako. Seguruagoa eta fidagarriagoa ere izango da, botikariak hartzen ditugun sendagai guztien informazio zehatza izango baitu eta zerbaitek kalte egin diezagukeela ikusiz gero jakinaraziko digulako.

  Errezeta elektronikoa Euskal Autonomia Erkidego osora zabaldu asmo du Osakidetzak. Oraingoz, esperientzia herri edo auzo txikitan probatu da. Oñati ere, esperientzia pilotu horren partaide da. Baina urrats berria emanez, orain arte frogatu den lekuetan baino erabiltzaile kopuru handiagoa izango da gurean. Gipuzkoan, halakorik jartzen den lehen herria izango da gainera.