Errekaldeko azken maisu-maistren etxebizitza konpondu eta gizarte beharretara zuzenduko da

2019/01/28
Card image cap
Abegi etxe edo etxebizitza sozial gisa erabiliko da

  Pasa den apirilaren 5ean onartu zuen Hezkuntza sailak Errekalde auzoko 33. zenbakian zegoen azken maisu-maistren etxebizitza desafektatu eta udalak egoki deritzon beste erabileraren baterako uztea. Errekalde auzoko 33. zenbakian dagoen 4. eskuma etxebizitza da udalak berreskuratu duena. Gizarte beharretara zuzenduko da baina aurrez, konponketa lanak egingo dira. Zoruko egurrari pipiaren aurkako tratamendua eta pinkia emango zaio, elektrizitate instalakuntza eguneratuko da, bainua eta sukaldea guztiz eraberrituko dira, logeletako armairuak egokituko dira eta amaitzeko, margotu egingo da.

  Eraikinak irisgarritasun baldintzak betetzen dituenez, abegi etxe edo etxebizitza sozial gisa erabiltzeko aproposa litzatekeela ikusi zen eta bere kudeaketa Ongizate Zerbitzu departamentuaren esku utzi zen. Honek, aipatu konponketa lanetarako aurrekontuak eskatu zituen eta lanak, Maialen & Amaia interiorismo enpresari ematea erabaki zen, 30.671 €tan, BEZ kanpo. 2018ko aurrekontuetan etxebizitza hau konpontzeko diru-partida gorde zen. Lanak abenduko azken Tokiko Gobernu Batzarrean esleitu ziren baina hasteko daude.

  Errekalde 33-4.eskuma etxebizitza desafektatu eta udalaren eskura itzulita, orain 27 urte hasi zen prozesua guztiz osatu da.  1991n ekin zion udalak maisu-maistren erabilerarako Hezkuntzari utziak zituen etxebizitzak berreskuratzeari. Irakaslerik ez eta hutsik geratzen ari ziren etxebizitzak desafektatu zitzan eskatuz joan zen udala Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari, poliki-poliki berreskuratuz. Irakasleek erabiltzeko gorde ziren etxebizitzak Errekalde auzuneko 31 eta 33 zenbakietan biltzen ziren, 12 guztira. Egun, udalaren esku daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!