Greba deialdiak erantzun ezberdina jaso du herriko ikastetxe publikoetan

2017/12/12
Card image cap
Errekalde herri eskolan greba egin dute, Txiki txokon normaltasunez aritu dira lanean eta Zuazola-Larraña institutuan 3 langileetatik 1ek lanera ez joatea erabaki du

  Krisiaren ondorioz azken hamarkadan aplikatu diren murrizketa eta neurriak bertan behera utzi daitezen egin diren sektorekako mobilizazioen azkena da gaurkoa. Grebarako deialdia orokorra izan da unibertsitatez azpiko hezkuntza publikoan eta irakasle, garbitzaile, sukaldari nahiz hezitzaile eta laguntzaileei zuzendu zaie. Lan uztea deitu duten sindikatuak ere gehiago izan dira oraingoan, aurreko mobilizazioetako ELA, LAB eta Steilas sindikatuei CCOO eta UGT batu baitzaizkie. Ondorioz, gaurko grebak jarraipen handiagoa izan du Oñatin.

  Urgain-Errekalde eskolan greba egin du langileen gehiengo zabalak. Hezkuntza Sailak agintzen dituen gutxieneko zerbitzuak bete dira eta eskola ireki egin da baina klaseak ez dira normaltasunez eman. Jangela zerbitzurik ere ez da bete. 15en bat ikasle soilik joan da gaur eskolara. Zuazola-Larraña institutuan lan uztea murritzagoa izan da, % 33koa. 3 langileetatik 1ek greba egin du eta horrek eragin ezberdina izan du eskolaren jardunean, klaseak irakaslearen arabera eman baitira. Txiki txoko haur eskolan berriz, ez da grebarik egin eta hezitzaileek normaltasunez lan egin dute.

  Gaurko grebaren bidez hezkuntza publikoaren egoera salatu nahi izan dute langileek. Inbertsioa handitu, ordezkapenak lehen egunetik bete, bajen ordainketa osorik egin, sektore guztiei eragiten dien behin-behinekotasun handia murriztu eta langile plantillak egonkortu, erretirorako eskubideak berreskuratu eta gela bakoitzeko ikasle ratioak txikitzea eskatzen da, besteak beste.  Era berean LOMCEak ekarritako aldaketak ez aplikatu eta euskal hezkuntza eredua indartzea eskatzen dute sindikatu eta langileek.


Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!