Errekalde Herri Eskolako haur parkea eta kirol gunea asteburu, jai egun eta eskola oporretan zabaltzeko hitzarmena sinatuko dute eskolako zuzendariak eta alkateak.

2014/11/18
Card image cap

  Errekalde Herri Eskolako kirol eta ziburu gunearen erabilera publikoa bermatze aldera baina aldi berean, eraikinaren segurtasuna ere bermatzeko, erabilera baldintzak eta gunearekiko ardurak zehazten dituen hitzarmena prestatu dute eskolako zuzendaritzak eta Udalak.

  Lankidetza hitzarmenaren iraupena ez da epe jakin batera mugatzen, hau da, mugagabea izango da bi aldeetako batek hitzarmena bertan behera uzteko eskaera egiten ez duen bitartean.

  Errekaldeko eskolak bi sarbide nagusi ditu, aurrekaldeko sarrera nagusia eta albo batean konserjearen etxe ondoan dagoen burdinazko atea. Hala ere, une honetan, ikastetxeak buelta osoan duen burdinazko itxituran, beste ate eta leihatila batzuk daude. Sarbide horiek behin betirako itxiko dira. Baina eskolako jolasgunerako ate nagusietako bat, jaiegun, asteburu eta eskola oporretan irekiko da beti ere, ordutegi jakin batean. Horrela, aisialdi gunearen erabilera, mistoa izango da aurrerantzean. Ikasturtean zehar eskola egun eta ordutan, Errekalde Herri eskolako erabilera lehenetsiko da eta gainontzeko egunetan, gunearen erabilera komunitarioa ahalbideratuko da. Bereziki Errekalde auzoko biztanleei aisialdi gune hori irekiz. 

  Eskolako zuzendaritzak eta udalak zehaztu duten hitzarmenaren arabera, irailetik uztailera, eta goizeko 9etatik arratsaldeko 6etara, Errekalde Herri Eskolak erabiliko ditu kirol kantxa eta haurren ziburu gunea.

  Ikasturtean zehar baina arratsaldeko 6etatik gaueko 9etara berriz, aisialdi guneak erabilera publikoa izango du. Eta hala izango da baita ere, asteburu, jaiegun eta eskola opor egunetan, goizeko 10:30etik arratsaldeko 8etara.

  Herri eskolako aisialdi gunea publikora zabaltzen denean ez du zaintza berezirik izango. Horretxegatik, eta segurtasuna bermatzeko, aipatu egun eta ordutegian gunea ireki eta ixteko ardura izango dutenak izendatu dira. Bide batez, erabilera eta mantentze gastuen ardura ere zehaztu da.

  Irailetik abuztura bitartean, astegunetan, Herri Eskolako “kontserjeak”/zaintzaileak zabaldu eta itxiko du instalazioak, eta berea izango da espazioaren segurtasunaren ardura. Eraikinaren zaintzailearen oporraldietan, asteburu eta jai egunetan berriz, udala, hau da udaltzainak arduratuko dira instalazioetaz.

  Gunearen erabilera egokia bermatzeak eragingo dituen gastuak berriz, udalak hartuko ditu bere gain. Hiri-altzari, itxiturak eta bestelakoen mantenu gastuak eta narrak kendu eta gunearen garbiketa gastuak ere udalaren kontura izango dira. Era berean, udalak, erantzukizun zibileko asegurua egingo du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!