Oñatiko udala

Errekalde eskolako “Kontserjearena” deitutako etxea ikusteko aukera izango da bihar arratsaldeko ordu bietan.

2014/03/19
Orain arte, etxebizitza errentan hartu baina ordainetan kontserje lanak egiteko 2 eskaera aurkeztu dira udaletxean.

  Bi eskatzaile horiek eta eskaera oraindik egin gabe izan baina lehiaketara aurkezteko interesa duten gainontzekoek dute etxebizitza ikusteko aukera. Horretarako, bihar, arratsaldeko ordu bietan udaltzainek atea irekiko dute eta etxebizitza erakutsiko dute.

  Titularrean esan bezala, Errekalde herri eskolan dagoen etxebizitza honen alokairu kontratua berezia da, eskolan kontserje izaerako oinarrizko hainbat lan egitera lotuta baitago. Berez, etxearen hileko errenta 400 euro ingurukoa litzatekeela kalkulatu du udalak, baina horren ordainketa dirutan egin ordez, espezian edo, oinarrizko konponketa eta zaintza lanen bitartez egingo du maizterrak. Horretxegatik, “kontserjearena” deituriko etxea errentan, lehiaketa bidez ematen du udalak.

  Lehiaketan parte hartzeko oinarrizko lau baldintza bete behar dira: Oñatin bizi eta erroldatuta egotea, gutxienez azken urtebetean. Jabetzan etxebizitzarik ez edukitzea, ez Oñatin ezta beste inon ere. Adinez nagusia izatea eta euskaraz ulertu, berba egin eta oinarrizko idazketa jakitea.

  Errenta ordainketa gisa eskatzen zaizkion oinarrizko mantenu lanak egin ahal izateko gutxieneko ezagutza eta formakuntza ere baduela kontutan hartuko da. Hala formazio akademikoa eta igeltserotza, arotzeria, iturgintza edo antzerako lanetan esperientzia izatea ere baloratuko da, baloratu eta puntuatu.  

  Lehiaketa fase horretan puntu gehien lortzen dituen eskatzaileari alokatuko zaio “kontserjearena” deritzon etxebizitza hori. Alokairu kontratua 5 urterako izango da.

  Orain arte alokairu lehiaketarako bi eskaera jaso dira udal bulegoetan baina horretarako epea apirilaren 2a arte izango denez, pentsatzekoa da gehiago aurkeztuko direla. Litekeena da gainera, eskatzaileren bat etxea ikustearen zain egotea. Horretarako aukera, berriro diogu, bihar izango dela, arratsaldeko ordu bietan eskolan bertan. Ez dago aurrez izena eman beharrik.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!