Errekalde auzoko bost eraikinetan isolamendu termikoa jartzeko eskaerak gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2015/03/12
Ohiko bizikidetza unitatea hautsi eta diru sarrera urriak dituzten emakumeei zuzendutako diru laguntzen 2015eko deialdia ere aztergai izango da

  36 gai dira guztira arratsaldeko bilerarako zerrendatu direnak. Gehienak, ohikoa denez,hirigintza batzordeari dagozkio eta atal horretako bost, hain zuzen ere, Errekalde auzoko beste horrenbeste eraikinetako jabeek egindako eskaerak dira. Errekalde auzoko 17, 19, 23, 29 eta 39. Zenbakidun eraikinetan isolamendu termikoa jarri asmo dute. Paretetan zelulosa sartuko dute eraikina isolatzeko. Lan horiek kaletik egingo direnez, lanak egin eta segurtasun aldetik hartuko diren neurriak onartu daitezen eskaerak aztertuko dira udal gobernu taldearen gaurko bileran.

  Kultura batzordearen eskutik, ETEO eraikinaren erabilera eskubideetan aldaketa egitea proposatuko da. Talde erabiltzaileekin sinatzen diren hitzarmenetan, aldaketa egitea proposatuko da.

  Berdintasuna departamentuak hiru gai eramango ditu gaurko Tokiko Batzarrera, hirurak diru laguntzak dira. Ohiko bizikidetza unitatea hautsi eta errenta edo sarrera urriak izanik familia kargak dituzten emakumeei zuzendutako diru laguntzen aurtengo deialdia zabaltzea aztertuko da. Udalak iaz onartu zuen bizikidetza unitatea hautsi eta familia kargak izanik diru sarrera urriak dituzten emakumeei diru laguntzak emateko oinarriak. Diru sarrera txikiak izanik, familia kargekin bakarrik geratzen diren emakumeei zuzendutako laguntzak egon badaude, RGIa edo beste laguntza batzuk badaude. Baina hauek eskatu, tramitatu eta ordaintzen hasten diren arte hilabeteak pasa ohi dira. Bitarteko hilabete horietan duintasunez bizi ahal izateko, udalak diru laguntza hauek eskaintzen ditu. Udalaren laguntza dirua aurreratzean datza. Beste laguntza batzuk lortu bitartean modu duinean bizi ahal izateko. Hala, emakumeak diru sarrera bat ziurtatzen duenean udalak aurreratu dion dirua itzultzeko konpromisoa dauka.

  Diru laguntza hauek iaz jada martxan jarri baziren ere, ez zen eskaerarik jaso. Interesa bai, hainbat lagunek azaldu zuten baina udalak jarritako baldintzarik betetzen ez zutenez ezin izan zituzten eskatu. Hala ere, kasua edonoiz gerta litekeela jakitun da udala eta horregatik, 2015.eko diru laguntza deialdia egitea proposatuko da gaurko batzarrean.

  Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteei zuzenduta aurtengo diru laguntza deialdia egitea eta iaz ANDRAITZ taldeari berdintasunaren eremuan lan egiteagatik onartu zitzaion  diru laguntzaren  %25a ordaintzea ere proposatuko da arratsaldean, udal gobernu taldeak egingo duen bileran.

 

Iturria: Oñati Irratia