Erreka horma gogortzeko lanak egingo dira Zubillaga 34 zenbaki inguruan

2019/07/05
Card image cap
Horma zartatu da eta ondoko espaloian pitzadurak daude

  Arazoa ez da berria baina okertuz joan da. Errekaren kontra dagoen espaloian pitzadurak agertu zirela jakinarazi zioten inguruko bizilagunek udalari, arazoa aztertzeko eskatuz. 2011ko urtarrilean tokia ikuskatu zen eta Zubillaga auzoko 34-A zenbakiaren inguruan, Oñati erreka bideratzeko eskuineko eustormaren zati bat zertxobait mugitu zela ikusi zen. Mugimendu horren ondorioz horman zartadura sortu eta espaloiaren eta hormaren artean tartetxoa ireki zen. Arazoaren jarraipena egiteko, igeltsu zatiak jarri ziren horma eta espaloiaren artean, lekuko gisa.

  Urteen poderioz aipatu igeltsu zatiak apurtu dira, pitzadura zabalduz joan denaren adierazgarri. Arazoa larriagotu aurretik, erreka kontrako harlangaitz horma egonkortzeko proiektua eskatu zuten udaleko zerbitzu teknikoek. LKS Ingenieria enpresak egin zuen eta aurtengo aurrekontuetan lanak egiteko aurrekontua zehaztu zen. Azken hilabeteotan, lanak kontratatzeko prozedura gauzatu da.

  Enpresa bakarra aurkeztu zen udalak deitutako prozedura ireki sinplifikatura, Artzamendi S.A eraikuntza enpresa. Egingo diren lanen deskribapena eta proiektua eta horretarako proposatu den aurrekontua ontzat jo ditu Kontratazio mahaiak. Azken bilera atzo bertan egin zuen eta berau kontratatzea proposatu dio udalari. Kontratua sinatu aurretik, ordea, halakoetan ohikoa denez, gizarte segurantza eta ogasunarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta behin betiko fidantza ordaindu beharko du enpresak. 10 laneguneko epea eman zaio horretarako.

  Gauzak ondo, Zubillaga 34 zenbaki inguruan erreka horma gogortzeko lanak egiteko kontratua uztaila amaieran sinatuko da. Lanak egiteko 6 asteko epea zehaztu zen lizitazio oinarrietan. Udalak zehaztutako aurrekontua 6.600 eurotan merkatuz berriz, lanak ia 159.000 eurotan egingo dira, BEZa kanpo delarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!