Errefortzurako kirol teknikari lanpostura 9 hautagai aurkeztu dira baina 2 baztertu dira

2017/11/13
Behin-behineko izaera duen zerrendarekiko erreklamazioak hilaren 17ra arte aurkeztu daitezke

  Oraingoz hautaketa prozesutik baztertu diren bi hautagai horiek ez zuten eskatutako titulaziorik aurkeztu, hau da, kirolarekin lotutako lizentziatura edo gradurik. Ostiralera arteko epea dute agiria udal bulegoetan presentatzeko. Onartutakoen behin behineko zerrendan 7 lagun agertzen dira, 3 emakume eta 4 gizonezko.

  Kirol zerbitzuaren errefortzurako eta eskola kirolaren koordinazio lanerako teknikaria lehiaketa-oposizio sistemaz hautatuko da. Kirol teknikari berriak eskola kirolaren eredua egokitu, kudeatu eta koordinatzearen ardura izango du, eta udal kirol planifikazio estrategikoaren garapenean lagunduko dio egungo teknikariari, errefortzuko langile gisa, esan bezala. Printzipioz urtebetean garatu asmo den programa gauzatzeko kontratatuko den teknikariak, eskola kirolaren eredu berria egituratzearen ardura izango du. Eskola kirola programaren arlo didaktiko-pedagogikoa diseinatu eta koordinatu beharko du, eskola kiroleko monitoreei formakuntza osagarria eman beharko die, laguntza teknikoa eta lanen koordinazioa eta antolaketa nahiz jarraipena eta ebaluazioa eginez. Era berean, programarako epaileen poltsa osatu eta horiei ere laguntza teknikoa eman beharko die eta eskola kirola programaren barne eta kanpo komunikazioa diseinatu beharko ditu, besteak beste.

  Kirol departamentuak ez ezik, udaleko Giza Baliabideak eta Antolakuntza departamentuak ere errefortzuko teknikaria izango du aurrerantzean. Hautagai bakarrak gainditu zuen azterketaldia eta berau kontratatzea proposatuko du epaimahaiak: Patxi Jagoba Bengoa Lapatza-Gortazar, hain zuzen ere.

Iturria: Oñati Irratia

Eskola kiroleko ikasturte amaierako jaia