Oñatiko udala

Erniarraitz bertso txapelketaren finalerako txartela lortu du Maider Arregik

2020/03/04
Card image cap
Xabat Illarregirekin puntutan berdinduta bukatu zuen kanporaketa eta epai mahaiak erabaki zuen txartela oñatiarrari ematea

  Igandean jokatu zen X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren lehen kanporaketa, Errezilgo Borondegi kultur etxean. Sei bertsolarik kantatu zuten eta 245na puntu lortuta, Maider Arregik eta Xabat Illarregik puntutan berdinduta bukatu zuten. Baina epaileek hala erabakita, Arregik lortu zuen finala jokatzeko txartela. Hurrengo sailkatuak, Joanes Illarregi, Unai Izagirre, Sarai Robles eta Eder Iturralde izan ziren. Kanporaketa irabazita, Errezilgo udalak emandako oroigarria jaso zuen bertsolari oñatiarrak Errezilgo alkatearen eskutik.

  Martxoaren 27an jokatuko da Erniarraitz bertso txapelketako finala, Azpeitiko gaztetxean. Aurretik, beste bi kanporaketa izango dira: martxoaren 15ean Zestoako kultur etxean eta 22an, Azkoitiko kultur etxean. Finalean, hiru kanporaketetako irabazleek eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste hiru bertsolarik kantatuko dute; guztira, sei bertsolarik.

  Maider Arregik hirugarren aldiz parte hartzen du Erniarraitz Bertsozale elkarteak antolatutako txapelketan. Aurreko bietan ez zuen finalerako sailkatzerik lortu. Igandeko saioaren amaieran gustura jardun zuela azaldu zuen eta finalean kantatzeak ilusioa egiten ziola-eta pozik agertu zen.

  Pasatakoa asteburu berezia izan du Maider Arregik, larunbatean Dizdaitte bertsolari gazteen sariketako finalean aritu zen eta igandean Erniarraitz txapelketako lehenengo kanporaketan.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!