Zabalik dago Oñatiko Hiri Antolaketako Arauen aldaketarekiko alegazio epea

2017/02/10
Erauzketa jarduera mugatzen duen erabakia aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran

  2006ko ekainean onartu ziren  Oñatiko Hiri Antolaketa Arauak. Orain berriz, hiru artikulu aldatzea onartu berri da. Hasiera bateko izaeraz onartutako aldaketa puntual horien arabera, erauzketa jarduera lizentziak eteten dira babes bereziko nekazaritza eta abelazkuntzarako eremuan eta nekazaritza eta abelazkuntza erreserbarako zonan. Aldaketak ez dio egungo Gomiztegiko harrobiari eragiten baina bai, balizko handitze bati. 2006az geroztik ingurumenarekin zerikusia duten udalez gaindiko hainbat arau onartu izana da, hala nola: Aizkorri-Aratz natur parkearen izendapena, bertako natur baliabideak antolatzeko plana, edota kontserbazio bereziko eremu izendapena, besteak beste. Horietan oinarrituta proposatu zen Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa puntuala egitea eta Udalbatzak aho batez eta hasiera bateko izaeraz onartu zuen. Orain, dokumentua eskuragarri jarri da inork interesa badu aztertu dezan eta bide batez, alegazioak aurkeztu daitezen. Alegazioetarako epea hilabete barru, martxoaren 9an beteko da.

  Arantzazuko harrobia handitzearen gaia Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran aztertu da aste honetan. EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako proposamena atzera bota zuten EAJk eta PSEk. Bi alderdiok, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak harrobia handitzeari ezezkoa emango diola uste dute.

  Batzar Nagusietan aurkeztu zen proposamenak, oinarrian, Oñatin azaroan aurkeztu zen adierazpenak zioena errepikatzen du, alegia, harrobia handitzeko eskaeraren aurrean naturaren babeserako irizpideak lehenestea, kontutan hartuta, Natura 2000 eremuaren barruan kokatzen den proiektuak bertako ingurumen, paisaia eta natur baliabideetan kalte larriak sortuko lituzkeela. Gaia Oñatin aztertu zenean EAJk kontra bozkatu zuen eta berdin egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere,  PSErekin batera. Ezezko hori emateko arrazoia,  Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hartuko duen erabakian konfiantza dutela da, izan ere, ingurua, babestutako eremua izaki, Eusko Jaurlaritzak adierazpen horrekin bat datorren erabakia hartuko duela espero dute jeltzale eta sozialistek. Gaia, Oñatiko plenoan aurkeztu zenean ere Jaurlaritzak legea beteko duela zalantzan ezin dela jarri adierazi zuen bozeramale jeltzaleak, eta horregatik, alkateak aurkeztutako gutxieneko adierazpena atzera bota zuen, garbi utziz, hori bai, jeltzaleak, harrobia handitzearen kontra daudela.

Iturria: Oñati Irratia