Eraikuntza arloko lau enpresa gonbidatu dira Zubillagako eraberritze lanen 2. fasea egiteko

2017/02/21
Card image cap
Martxoaren 6ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko

  Proposamen ekonomikoa eskatzen zaie nagusiki enpresei, horixe lehenetsiko baita lanen esleipenean. Udalak, Zubillaga auzoa eraberritzeko bigarren faseko lanetarako 144.458 €ko aurrekontua zehaztu du. Hori muga izaki, eskaintza merkeena egiten duen enpresak puntuazio altuena jasoko du esleipen prozesuan. Baina noski, eskaintza horretan Sestra enpresaren proiektuan aurre ikusten diren lan guztiak jaso beharko dira.

  Zubillaga auzoko bizitegi arearen bigarren fase honetan  Zubillaga 45 eta 54 zenbakien arteko urbanizazioa konpontzea aurreikusten da.  Hau da, Errementari eta Martelopezkua baserrien arteko gunea. Pilotaleku ingurua ere sartzen da fase honetan, ermita aurrealdea eta Auzoetxerako sarbidea barne direlarik. Oinezkoen bideak berrituko dira, berdeguneak txukunduko dira, auzoko errepide nagusiaren ondoko espaloiko baldosak aldatuko dira eta ermita aurrealdean autoentzako oztopoak jarriko dira eraikina bera babesteko. Lanak, hiru hilabetetan egin beharko dira lizitaziorako baldintzetan zehaztu denez.

  Lanen esleipena publizitate gabeko prozedura negoziatua erabiliz egitea adostu zen Tokiko Gobernu Batzarrean. Halakoetan egin ohi denez, arloan diharduten hainbat enpresei proposamenak aurkezteko gonbidapena egiten zaie. Gaur bertan bidali dira gonbidapen idatziak lau enpresetara. Eskaintzak aurkezteko martxoaren 6ra arteko epea dutela jakinarazi zaie. Beraz, okerrik ezean, lanak apirilerako edo, esleitu eta udaberrian hasi daitezke. Lehenengo faseko lanei dagozkien azken ukituak ematen ari dira aste hauetan.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!