Erabakitzeko aukera eta bozkatzeko askatasuna azpimarratzen duen adierazpena aho batez onartu zen Osoko Bilkuran

2017/09/28
Card image cap
Kataluniako erreferendumaren alde astebeteko epean udalbatzak onartu duen bigarren mozioa da

  Erabakitzeko bozkatzea demokrazia da ideia nagusiaren bueltan osatutako mozio idatzia aho batez onartu zuen udalbatzak atzoko Osoko Bilkuran. Kataluniako erreferendumaren aurrean Oñatiko Gure Esku Dago taldeak aurkeztu zuen idatzia bere egin zuten bi udal taldeek eta hauen babesaz proposatu eta onartu zen atzo.

  Hiru puntuko adierazpena da onartutakoa. Urriaren 1ean demokrazia, botoaren balioa, bozkatzeko askatasuna eta herritar guztien duintasuna jokoan daudela adierazten da. Erabakitzeko eskubidea erabiltzearen kontra Espainiako estatutik hartzen ari diren neurriak kezkatzen dituztela onartuta, euskal herritarron babesa aitortzen da. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia dela azpimarratuz, Kataluniako herritarren gehiengoaren borondate demokratiko eta baketsuari erantzuten dion erreferenduma posible izan behar dela aldarrikatzen da. Amaitzeko Kataluniako herriari eta urriaren 1eko erreferendumari babesa eta elkartasuna adierazten zaie.

  Astebeteko epean Kataluniako erreferendumaren aurrean udalbatzak aztertu, bozkatu eta aho batez onartu duen bigarren mozioa izan zen atzokoa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!