Epea betetzen ari da eta amaitzear daude 166 argiontzi aldatu eta hauen kontrolerako sistema adimenduna jartzeko lanak.

2013/10/23
Bidaurreta inguruko argiontziak eta Osinurdingoak aldatzea bakarrik falta da.

  Hilaren 8an hasi ziren herriko 166 argiontzi aldatzeko lan hauek. Berezaoko industrialdean egin ziren lehen aldaketak eta ondoren hilerri inguruan eta Kale zaharra atzealdean, erreka ondoko pasealekukoan. Teknikoak Fanderia inguruan ibili dira aste honetan eta azken argiak aldatzea bakarrik falta da lanak osatzeko. Aldatuko diren azken argiontziak, Bidaurreta monastegi inguruan eta bertatik Olakuarako bidean daudenak eta Osinurdingoak dira.

  Argiontziak aldatzearekin batera hauek kontrolatzeko sistema adimenduna ere jarriko da. Horrek, besteak beste, argien intentsitatea igo eta jaisteko aukera emango du beti ere, inguruan jenderik ba ote dagoenaren arabera.

  Izan ere, udalak, egun, argi gutxi eta kontsumo handia, gastu handia duten luminariak aldatu nahi ditu herriko argiteria publikoaren efizientzia energetikoa hobetzeko. Hala argien eraginkortasuna eta kontsumoa hobetuko da.

  Udalak, lan hauetarako Energiarako Euskal Erakundearen diru laguntza eskatuta dauka baina hori eskuratzeko, lanak, urriaren 30erako amaituta egon behar dira. Hori da lanak egiten diharduen LUIX S.L enpresari jarri zitzaion baldintza. Epeak betetzen ari dira eta lanak, datozen egunotan bukatzea aurre ikusten da. Lanek, 112.000 euroko aurrekontua dute.

  Eta printzipioz, hasiera besterik ez dira. Udalak, datozen urteetara begira, herriko argiteria publikoa eraginkorragoa izan dadin argiontzi zaharrak aldatzen jarraitzeko asmoa baitu.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala