Oñatiko udala

Enviser & Sercom UTEa arduratuko da aurrerantzean herriko berdeguneen mantentze lanez

2015/10/08
Card image cap
Onartu den aurrekontua, 212.000 € da

  Edo beste era batera esanda, Udalak, Oñatiko lorategi eta berdeguneen mantentze zerbitzuaren esleipenerako zehaztu zuena baino 24.000 euro merkeago, BEZa kanpo utzita, beti ere.

  Hilabeteetan luzatu da herriko lorezaintza zerbitzua kontratatzeko lizitazioa. Deialdia egitea iazko abenduko Osoko Bilkuran onartu zen eta zerbitzuaren behin betiko esleipena berriz, iraileko Osoko Bilkuran erabaki da. Izan ere, zerbitzuaren aurrekontu altuagatik, deialdia Europa mailan zabaldu behar izan zen eta horrek, tramitazio epeak luzatzea ekarri du.

  Udalak, herriko berdegune, parke, lorategi eta zuhaizti publikoen mantentze, iraunarazpen, birjarpen eta hobekuntza zerbitzua kontratu bakarrean bildu eta esleituko du. Mantendu beharreko azalera 245.000 m²-koa da eta eremuak berriz, Oñatiko berdegune publiko guztiak, kiroldegiko igerilekuko kanpoko berdegunea, San Martin eta Santa Lutzia zuhaiztiak eta Usako. Hala behar denean gainera, udal hilerriko lorezaintza-lanetan laguntza ere eskaini beharko du UTE kontratatu berriak.

  Gune bakoitzaren ezaugarrien arabera, mantentze lanak nola eta zenbatero egin beharko diren zehaztu zen baldintzetan, eta orain, Enviser & Serkom enpresarekin izenpetu den kontratuan, guztiak jaso dira. Hasieran, lau urteko kontratua izenpetu da beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

  5 enpresa edo UTE aurkeztu ziren esleipen prozedurara eta txosten teknikoa eta aurrekontua baloratuta, puntuaziorik altuena lortu zuen Enviser & Serkom UTEarekin sinatu da zerbitzu kontratua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!