Enpresagintza Fakultateko ikasle bat udaleko sozioekonomia departamentuan praktikak egiten hasiko da bihar alternantzia eran.

2015/02/18
Lau urtez, ikasketekin lotutako lan praktikoak gauzatuko ditu.

  Ez da lehen aldia Udalak eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultateak ikasleak praktiketan aritzeko edo karrera amaierako proiektuak burutzeko hitzarmenak sinatzen dituztela. Oraingoan ere, halako akordio dokumentu bat egin dute. Baina ikasleen praktika sistema aldatu egin da.

  Enpresagintza Fakultateak LADE deituriko ikasketak jarri ditu aurten martxan, alternantzia eran. Horrek esanahi du, lau urteko iraupena duten ikasketa hauek egin bitartean eta otsailetik uztaila arte, urtez urte, ikasle bera joango dela enpresara ikasketekin loturiko lan praktikoak gauzatzera. Ikasleek, astelehena, asteartea eta asteazkenetan Fakultatean eskolak izango dituzte eta ostegun eta ostiraletan, lan jardun osoz, enpresan lan egingo dute.

  Udalak, urrian erabaki zuen alternantzia-prestakuntza programa honetako ikasle bat hartzea, baina praktikaldia, esan bezala, orain otsailean, bihar konkretuki hasiko du.

  Sozioekonomia departamentuan arituko da eta bertatik bideratzen diren hainbat arlo landuko ditu datozen lau urteetan zehar. Enpresa berrien proiektuen tutoretza prozesuetan parte hartuko du, prestakuntza ikastaroen gestioa eta jarraipena egingo du, merkataritzaren sustapena eta moneta soziala edo txantxien egitasmoa ezagutuko du, herriko enpresa txikiekin proiektuak landuko ditu eta  Oñatiko Garapen eta turismo agentzian, kontabilitatea eta baliabideen gestioa nahiz turismo sustapena egingo du, besteak beste. Orain dena den, hasi berritan, sozioekonomia departamendua eta udalaren lan orokorra ezagutzeko egokitze tarte bat izango du.

  Lau ikasturtetan luzatuko den alternantzia prestakuntza honetan, Jesus Mari Ugarte enplegu teknikaria izango du tutore.

  Udalak, praktiketako ikasle honi, hilean  400 €-ko beka ordainduko dio. Esan bezala, bihar bertan hasiko da praktiketan eta lehen ikasturte honetan, uztailera arte, arituko da ostegun eta ostiraletan. Datozen ikasturteetan ere, otsailetik uztailera luzatuko da praktikaldia. Eta beti, ikasle bera ariko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!