Enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzak eta San Martingo baratze-parkearen esleipenerako arautegia aztergai izango da gaurko Osoko Bilkuran

2019/03/28

  Gai ugari zerrendatu dira arratsaldeko plenorako, 74 hain zuzen ere, baina gehienak, 70, Alkate Dekretuz onartutako gaiak dira, eta ondorioz, udalbatza osatzen dutenei jakinaraziko zaizkie baina ez dira eztabaidatuko.

  Arratsaldeko Osoko Bilkuran aztertuko diren gaietan lehena San Martingo baratze-parkearen esleipena arautuko duten baldintzak dira. 2014an egin ziren lehen esleipenen epea beteta, deialdia egin zen eta esleipen berriak erabaki ziren, orain pare bat aste dela. 49 eskaera jaso ziren baina 3ren esleipen epea bete gabe zegoenez prozesutik kanpo utzi ziren. Gainontzeko 46rekin, aurrez landuta zuten orubea lantzen jarraitzeko adostu zen eta esleipen berria egin zen. Esleipenok urtebeterako egiten dira baina lau urtera arte luzatzeko aukerarekin. Beraz, orain egin berri direnak 2023an beteko dira. Baina azken esleipen hauek bakarrik ez, baita aurretik eginda daudenak eta aurrerantzean egingo direnak ere. Guztien betetze muga 2023an finkatzea proposatzen da arratsaldeko bilkuran aztertuko den arautegian, hau da, ortu guztien esleipen prozesua modu bateratuan egiteko aukera emango duen data orokorra finkatzea. Hala onartuko balitz, 2023ra bitartean beteko liratekeen esleipenak automatikoki luzatuko dira eta datozen hilabete-urteetan egiten diren berriak ere 2023a izango dute epe-muga gisa. Hori da behintzat, gaurko Osoko Bilkuran proposatuko dena.

  Enpresa berriak sustatzeko udalak eman ohi dituen dirulaguntzen gaia ere aztertuko da, 2019ko oinarriak onartu eta deialdia egitea proposatuko da.

  Bainaarratsaldeko bileran Alkate Dekretuz hartutako erabakien jakinarazpenak izango dira nagusi, halako 70en berri emango baita. Udal artxiboko zenbait dokumentu zaharberritzeko lanak, udaleko Hirigintza departamenduaren errefortzurako administrari bat aldi baterako kontratatzea,  Zubillagako hiltegiaren 2019ko aurrekontua eta udalaren diru ekarpena, gizarte larrialdietarako dirulaguntza eskaerak, Otadui zuhaiztian errepideko bidegorria berri margotzea, ludotekako eraikinaren obraren gorabeherak eta lan horiek egiten diren bitartean ludotekako zerbitzua Gaztelekuko sotoan emateko proposamena dira, besteak beste, alkate dekretu bidez erabaki eta arratsaldean jakinaraziko diren gaietako batzuk.

Iturria: Oñati Irratia