Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak pentsionistei bidalitako gutunak itzultzeko kaxak larunbatean batuko dira

2018/02/07
Gutunak hilaren 12an eramango dira postetxera, Madrilera igortzeko

  Jasotzen duten pentsioen eguneratze informazioa adierazten duten gutunak Madrilera itzultzeko kanpaina bi astez luzatzea erabaki dute sustatzaileek. Hala, gutunak uzteko herriko zortzi denda eta zerbitzutan jarri ziren kaxak larunbatean, hilaren 10ean batuko dira. Gutunazaletan REHUSADO hitza idatzi ote den ziurtatuko da. Izan ere, horixe da protesta ekimen honen antolatzaileek eskatu dutena, alegia, Ministeriotik jasotako gutunen sobreetan REHUSADO idaztea, hartzailearen izena eta helbidearen aldamenean. Horrela, pentsionistak jakinarazpenari uko egiten diola azaldu nahi da eta bide batez, pentsioei aurten aplikatu zaien % 0.25aren kontrako jarrera azaldu.

  Protesta ekimen honekin bat egiteko Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak pentsionistei bidalitako gutunak hartarako jarri diren kaxetako batean utzi behar dira. Kaxak Eskolatxo eta Irizar okindegietan, San Migel kooperatiban eta Olakuako Super BM-n, Kale Zaharreko Igartua farmazian eta Pake Leku eta Zubikoa kiroldegiko sarreretan jarri dira. Gogoratu,    Rehusado hitza idatzi behar dela.

  Kaxak larunbatean batuko dira eta gutun guztiak astelehenean Postetxera eramango dira. Aurrez, protesta elkarretaratzea egingo da astelehenean bertan, 12:00tan plazan, pentsio duinak eskatuz. Elkarretaratze horretara gutunak biltzeko erabiltzen ari diren kaxak eramango dira, sinbologia adierazteko. Elkarretaratzearen ondoren berriz, batutako gutunak Postetxera eramango dira bertatik Madrilera, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministeriora bueltatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Pentsionisten elkarretaratzea astelehenean