Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak pentsionistei bidalitako gutunak itzultzeko ekimena abiatu da

2018/01/30
Eskutitzak jasotzeko kaxak jarri dira herriko zortzi lokaletan

  Kobratzen duten pentsioaren eguneratze-informazioa helarazten die Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak pentsionistei urte hasieran. 2018an pentsioak % 0.25 jasoko direla jakinarazi zaie. Kontsumo Prezioen Indizetik oso urrun dagoen igoera honek pentsionisten haserrea sortu du eta herriko hainbat pentsionistek protesta ekintzak antolatu dituzte. Lotsagarritzat jotzen duten pentsio igoera txikiaren kontra bilkura egin zen orain hamabost egun plazan, eta jakinarazpen gutunak itzultzeko ekimen berria martxan jarri da orain.

  Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak pentsionistei bidalitako gutunak jasoko dira eta Madrilera bueltatuko dira, denak batera. Gutunak uzteko kaxak herriko hainbat denda eta zerbitzutan jarri dira: Eskolatxo eta Irizar okindegietan, San Migel kooperatiban eta Olakuako Super BM-n, Kale Zaharreko Igartua farmazian eta Pake Leku eta Zubikoa kiroldegiko sarreretan. Ministeriotik jasotako gutunak bere sobre eta guzti eraman behar dira eta hartzailearen izena eta helbidea agertzen den aldean REHUSADO idatzita. Horrela, pentsionistak jakinarazpenari uko egiten diola azaldu nahi da. Rehusado horrek gutuna bueltatzen dela esanahi du, alegia, pentsioaren igoeran ez du eragingo, eta gutxi den arren, % 0.25 igoera aplikatuko zaiola garbi utzi nahi dute ekimenaren sustatzaileek.

  Herrian jarri diren zortzi kaxa horietan jasotzen diren gutun guztiak batera bidaliko dira Madrilera. Ekimena borobilduz, kontzentrazioa ere antolatu da datorren astelehenerako; 12:00tan plazan egingo da.

  Oñatin bezala, beste herri batzuetan ere hasi dira pentsioen eguneratze gutun horiek biltzen Gizarte Segurantza Ministeriora itzultzeko.

Iturria: Oñati Irratia