"Eltziako Ur Parkea" eratzeko lanak lizitaziora atera dira

2017/02/22
"Olaran paisaia" egitasmo orokorraren lehen gunea da Eltziako ur jolasena

  Eltzia aurrealdeako parkean bi zonalde ezberdin baina elkarren segidakoak sortuko dira: ur jolas eta zorrotaden gunea Ugarkalde aldera eta pertsona helduek ariketa fisikoa egiteko gunea San Lorentzo aldera. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Ur Parkeari dagozkion obren kontratazio deialdia argitaratu da gaur.

  Lur Paisajistak enpresak osatu zuen proiektuaren arabera, adin ezberdinei bideratutako elkarren segidako hiru gune prestatuko dira. Hiru ur tanta irudikatuko dituen gune honek ur zorrotada eredu ezberdinak izango ditu. Lurzorutik irteten diren zorrotadak izango dira nagusiki. Ur tantaren eta ur uhinen ideia indartzeko, asfalto gainean zirkulu zuri kontzentrikoak margotuko dira. Bestalde, ibilbide bat egokituko da berdegunean, etorkizuneko osasun edo ariketa parkea inguratuko duena. Aipatuta ibilbide hori errepide nagusiaren aldameneko espaloiarekin eskailera bitartez elkartuko da. Eltzia aurrealdeko jolasgunea prestatzeko bestelde, espaloia eta errepide zati bat hartuko dira. Ondorioz, alde horretako aparkalekuak desagertu egingo dira.

  Eltziako Ur Parkea eratzeko lanak, 3 hilabeteko epean egin beharko dira. Hori da lizitazio deialdian zehaztu den denbora muga. Aurrekontua berriz, 356.067,30 € da (BEZ kanpo). Deialdian parte hartzeko interesa duten enpresek martxoaren 20ra arteko epea dute eskaintzak udal bulegoetan aurkezteko. Lanak esleitzerakoan, proposamen ekonomikoa eta lanen memoria teknikoa baloratuko dira. Memorian, ur jolas gunearen instalazioaren ezaugarriak eta funtzionamendu egokirako bete behar dituen baldintzak azaldu beharko dira. Eta proposatu daitezkeen hobekuntzak ere baloratuko dira. Kontratazio mahaiak, aipatu memoria teknikoa 45 punturen gain baloratuko du eta eskaintza ekonomikoa berriz, 55 punturen gain.

  Olaran paisaia egitasmoa Olaran erreka inguruneko berdeguneak erreberritzeko plangintza orokorra da. Eltzia aurrealdea, Olakuako dorre ingurua, Natur eskola, Aldakiño basoa eta San Martin auzoko jolas parkea biltzen ditu bere baitan. Plangintza, faseka gauzatu asmo du udalak, eta gaur jada, lehen lanak, Eltziako Ur Parkea eratzeko lanak egiteko lizitazio prozesua abian jarri da, deialdia argitaratuta.

Iturria: Oñati Irratia