ELTZIAko parte-hartze prozesua azalduko da Herritarren Partaidetzako I. Kongresuan

2017/11/22
Foru Aldundiak antolatu duen kongresuaren helburua arrakastako praktikak sustatzea da

  Gipuzkoako partaidetzako I.kongresua antolatu du bihar eta etzirako diputazioak. Tokiko erakundeek eta nazioartekoek bultzatu eta arrakasta duten esperientziak partekatzea da helburua. Horretarako, Danimarka , Mexiko eta Suitza,eta Gipuzkoako sei udaletako ordezkariak gonbidatu dira beren esperientziak azaltzera, tartean, Oñatiko udala. Nerea Zubiak berba egingo du eta Eltzian burutu den parte-hartze prozesua azalduko du.

  Eltzia proiektuak 2013an du jatorria. Herrian ziharduten elkarte eta taldeen errolda modukoa egin zuen udalak, lokalik ba ote zuten eta hala zenean, zein egoeran zeuden zehaztuz. Kolektibo askoren arazoa lan eta topaketarako gune egoki baten falta zela ondorioztatu zen. ETEO zenekoan hutsik eta erabilerarik gabeko 6000 metro karratuko espazioa zegoela ikusita, beharra eta espazioa uztartzeko elkarbidea egitea erabaki zen. Balizko erabiltzaileen eta udalaren arteko parte-hartze prozesua diseinatu eta gauzatu zen. Urteetan luzatu zen prozesu sakon honek Eltzia Sormen Gunea edukiz osatu du, arautegiak, elkarlanerako eta koordinaziorako organigrama eta abar zehaztu direlarik. Azken urratsa, espazio handi horren zati nagusia egokitzeko lanak izan dira. Guzti hori berri bihar emango da Tabakaleran.

  Gipuzkoako Partaidetzako I. Kongresua bihar eta etzi egingo da. Esperientzia arrakastatsuak aurkezteko saioan Nerea Zubia Partaidetza batzordeburuak berba egingo du, Tolosa, Urnieta, Hernani eta Donostiako udal ordezkariekin batera. Kongresuan partaidetza espazioez, proposamen, ideia eta estrategiez hausnartuko da, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia  

(Arg: DV)