"Eltzia Eragiten" egitasmoa azaroaren 16 eta 17an

2018/10/22
Card image cap
Espazio publikoen kudeaketa konpartituko esperientziak ezagutuko dira eta Eltzia eguna ospatuko da

  Bost urte badira jada Eltzia egitasmoa martxan jarri zela, Udala eta herriko elkarte eta eragileen lankidetzaren eskutik. Baina Eltzia ez da prozesu baten bukaera edo helmuga, etengabeko ikasketa prozesu batetik berritzen ari den egitasmoa baizik. Eta ibilbide horretan ez da isolatutako proiektu bat ere, kudeaketa konpartituko beste esperientzia batzuekin parekotasunak baititu, maila batean edo bestean. Zentzu horretan, hausnarketa egin, beste esperientzia batzuk ezagutu, eta orain urte batzuk ospatzen zen Eltzia Eguna berreskuratzeko asmoa azaldu da Eltzian. Azaroaren 16 eta 17a hautatu da horretarako; lehen egunean, espazio publikoen kudeaketarako formula berrien gainean jardungo da eta bigarrenean, Eltzia eguna ospatuko da, antolatzaileek aurreratu dutenez.

  Bi egun eta jardun berezitu uztartuko dira beraz Eltzia Eragiten egitasmoaren baitan. Azaroaren 16ko egitaraua jardunaldi formatoan pentsatu da. Goizean, tokiko administrazioak, politikari eta teknikariak gonbidatuko dira, espazio publikoen kudeaketa konpartitua administrazioaren begiradatik lantzeko. Arratsaldean berriz, interesa duten guztiei irekita, Eltzia proiektua eta antzekotasuna duten beste lau esperientzia ezagutu ahal izango dira: Getxoko Bentara noa, Iruñeako Plazara, Zaragozako Centro Buñuel eta Bartzelonako Can Batlló.

  Larunbatean, azaroaren 17an, Eltzia eguna ospatuko da, berritasun batzuekin. Eltziako ateak irekiko dira eta aldi berean, Eltziako erabiltzaileek barnera begirako lanketa egingo dute Topagunearen espazioari zein funtzio eman hausnartzeko. Azaroaren 17ko goizeko ekintzak borobiltzeko, lagunarteko bazkaria izango da. Baina Eltzia egunari dagozkion ekintzak, aurrerago zehaztuko dira. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!