Elkartasun eta sentsibilizazio ekintzak egingo dira Ekuadorko lurrikarak kaltetutakoen alde

2016/04/19
Card image cap
Oñatin bizi diren ekuadortarrek eta ACESMA elkarteak antolatuta martxa bat egingo da gaur eta merkatu txikia, larunbatean.

  Gutxienez 350 hildako eragin zituen domekan, bereziki, Ekuadorreko ipar-mendebaldeko kosta astindu zuen lurrikarak. Richter eskalan 7.8 graduko indarra izan zuen eta epizentroa,  Manabi probintzian kokatu zen.

  Oñatin bizi diren ekuadortarrak arduratuta daude eta jaioterritik kilometro askora dauden arren, laguntzeko prest. Hala, ACESMA elkartearen bitartez bi ekintza antolatu dituzte datozen ordu eta egunetarako. Gaur bertan, 18.30tan, elkartasun ibilaldi edo martxa egingo dute. Ibarratik abiatuko da eta Kale Zaharra eta Kale Barria zeharkatu ondoren, plazan amaituko da. Oñatiar guztiak parte hartzera gonbidatzen dituzte. Larunbatean, bestalde, latino-amerikar produktuen salmenta egingo da plazan. Merkatu txiki bat egingo dute, edari, jaki nahiz artisau lanak salgai jarriko dituzte eta batzen den dirua lurrikarak kaltetutakoei laguntzeko bidaliko da.

  ACESMA taldeko ordezkariak, Ekuadorrek Madrilen duen enbaxadorearekin berba egin zuen atzo, zer nolako laguntza behar den eta hori helarazteko bideak zehazteko.  Mundu mailako gobernu asko mobilizatu dira jada eta Ekuadorrera laguntza materiala iristen hasi dela jakinarazi zion enbaxadoreak. Epe luzeagora begira, laguntza ekonomikoa eskuratzea garrantzitsua dela esan zion eta Oñatitik, hori bideratzen saiatuko direla adierazi digu Ibis Rodriguezek, ACESMAko ordezkariak. Gaur goizean, aipatu merkatu txikia egin ahal izateko baimena eskatu du Udal Bulegoetan.  Zapatuan izango da, esan bezala, plazan.

  Oñatin gaur egun zenbat ekuadortar bizi diren esaterik ez dago. Orain urte batzuk dela, etorkin talde ugariena zen gurean, dominikarrekin batera. Baina krisiak eraginda, asko jaioterrira itzuli ziren edo beste herri eta hiritara joan dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!