Oñatiko udala

Elkartasun adierazpena elkarri egin zioten udalbatza osatzen duten bi taldeetako bozeramaileek osteguneko Osoko Bilkura amaieran.

2014/03/03
Iosu Lizarraldek guardia zibilen jazarpena izan du berriro, eta Lourdes Idoiagaren kontrako kartelak jarri dira herrian.

  Lourdes Idoiaga bera izan zen galde-erreguen atalean Iosu Lizarralderi elkartasuna adierazten lehena. Etorkizun hurbilean halako jazarpen gertaerarik errepikatuko ez direneko itxaropena azalduz jeltzaleen babesa adierazi zion Bilduko ordezkariari. Alkateak, beste horrenbeste egin zuen Idoiaga beraren kontra azken asteetan herrian azaldu diren kartelen haritik. Halakoek min handia egiten dutela eta, elkartasuna adierazi zion Lourdes Idoiagari eta bere familiari.

  Elkartasuna elkarri adieraziz amaitu zen pasa den osteguneko Osoko Bilkura.

  Iosu Lizarraldek ez du adierazpen publikorik egin nahi izan bilkuran aipatu zen jazarpen kasu horren inguruan eta gaia, abokatuen esku utzi duela adierazi digu soilik.

  Oñatiko Euzko Alderdi Jeltzaleak bere aldetik, zenbait komunikabideetara zabaldutako oharraren bitartez salatu du Lourdes Idoiagaren kontra kartel iraingarriak  jarri izana. “Lourdes lapurra” lelopean iraganeko salaketak egitean oñatiar eta euskaldunon bake nahiari bizkarra eman nahi izatea leporatzen die Oñatiko EAJk, kartelak ipini dituztenei. Hauek itsasten aurpegia estalita ibili zirela ere badio Jeltzaleen idatziak eta horren haritik, esan beharrekoa aurrez aurre eta kaputxarik gabe esateko eskaera egiten diete.

  SORTU, ERNAI eta LAB sindikatuko Oñatiko ordezkariek ere idatzia kaleratu dute “Eraiki dezagun errespetuan oinarritutako agertokia” izenburupean.

  Gure herrian, iraganean gertatutakoari buruzko ikuspegi anitzak daudela esanez hasten da idatzia. Eta etorkizuneko gizartea eraikitzeko gertatutako guztiari buruz hitz egitea ezinbestekoa dela onartzen du. Ezker Abertzalea horretarako prest dagoela ere eransten du idatziak.

  Gatazkak, euskal herritar askorentzat ondorio latzak izan dituela aipatzen da. Indarkeria adierazpen anitzek eragindako mina eta sufrimendua onartzen da eta alde batean sufritu dutenekiko bestaldekoek erakutsitako sentsibilitate falta aitortzen da. Ezker abertzaleak sentsibilitate falta hori onartzen du nahiz eta, hitzez hitz dio, beste batzuek ez duten eragindako minaren onarpen publikorik egin. Alde horretatik, inolako autokritikarik ez dutela entzun azpimarratzen du ezker abertzalearen adierazpenak.

  Idatziaren amaieran, errespetuan oinarritutako adiskidetzea sustatzea eta guztien minaren ezinbesteko aitortza egitea beharrezkoa dela dio ezker abertzaleak. Ondorioz, urte hauetan irekitako zauriak sendatu ahal izateko eta elkarbizitza eraikitzeko gogor lan egin beharko dela zehazten du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!