Elkarrizketa soziala aldarrikatuz hasi da lanari buruzko nazioarteko kongresua unibertsitate zaharrean

2019/04/10
Card image cap
Lan duina eta enpresa konpetitiboak izateko oinarri dela esan dute Lehendakariak eta Lan eta Justizia Sailburuak

  Lege Soziologia Institutuaren ekimenez eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen mendeurrenaren baitan Nahi dugun lanaren etorkizuna: eztabaida globala izeneko kongresua egiten ari dira unibertsitate zaharrean. Lan arloko askotariko eragileek bat egin dute kongresuan: langile eta enpresen ordezkariak, politikariak, akademikoak, ikerlariak, lan arloko epaileak eta abar. 130en bat aditu, lana eta gizartea, lan duina, lan osasuna eta segurtasuna edota lanaren gobernantzaren inguruan eztabaidatzen.

  Sarrerako ekitaldian, Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko Noe Cornagok ongi-etorria egin die guztiei eta jardunaldiak emankorrak izatea opatu die. Beste horrenbeste egin du Mikel Biain alkateak, kongresuaren ondorioak bildu eta Suitzan aurkeztuko den Oñatiko Adierazpenaz, oñatiar moduan harro dagoela esanez. Joaquin Nietok, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Espainiako zuzendariak ere berba egin du eta erakundearen oinarrietako bat langileek lan duina izateko duten eskubidea dela azpimarratu du. Bai orain 100 urte baina baita gaur egun ere, enplegu, ekonomia eta gizarte arloan erronka berriak daudenean.

  Elkarrizketa sozialaren garrantzia azpimarratu dute kongresuaren irekieran berba egin duten Jaurlaritzako bi ordezkariek, Mª Jesus San Jose Lan eta Justizia Sailburuak, lehenik, eta Iñigo Urkullu Lehendakariak, ondoren. Lan eta Justizia Sailburuak, azkenaldiko lan erreformek negoziazio kolektiboan eragin duten ondorio negatiboa azpimarratu du, indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa duten langileen portzentajea jaitsi egin baita, EAE mailan % 47,3 zen urte hasieran, Gipuzkoan, % 28a besterik ez. Zentzu horretan, lan harremanak kaltetu ez daitezen elkarrizketa soziala ezinbestekoa dela esan du Mª Jesus San Josek. Dei berezia egin die gainera Lan eta Justizia Sailburuak elkarrizketa sozialerako mahaitik kanpo dauden sindikatuei bertaratu daitezen. 

  Ildo berean berba egin du Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa, globalizazio eta elkarlanaren bidean diharduela azpimarratuz. Gaur hasi den kongresu honetatik Lanaren Nazioarteko Erakundearen egoitzara eramango den Oñatiko Adierazpena lan harremanetarako eredu berritu bat lortzeko  Euskal Herritik egiten den ekarpena izatea espero du Urkullu lehendakariak.

  Lanari buruzko nazioarteko kongresu hau bihar eguerdian amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!