Elkar Heziko ikasleak STARTinnova lehiaketan parte hartzen ari dira

2016/02/15
Card image cap
Oñatiarrek osatu dituzten lau taldetatik hiru finalean izango dira landu dituzten proiektuak defendatzen

  Gazteen ekintzailetasuna sustatzea helburu duen lehiaketa da STARTinnova. Laugarren ikasturte honetan, Gipuzkoako 88 taldek hartu dute parte, horietatik lau oñatiarrak, Elkar Hezi ikastetxeko 16-17 urteko ikasleez osatutakoak.

  Lehiaketaren lehen fasean partaideek ekintzailetasuna landu zuten eta ondoren, praktikan jarri ahal izateko, proiektu ideia bat hautatu eta garatu dute. Garatutako egitasmoak aztertu ondoren puntuatu egin dira eta Oñatiko hiru talde lehenengo, bigarren eta hirugarren sailkatuta finalean lehiatuko dira. Laugarren taldea berriz, zortzigarren gelditu da. Otsailaren 25ean jokatuko den finalekoan, sailkatu diren lehenengo bost taldeek landu dituzten proiektuak defendatu beharko dituzte enpresa, unibertsitate eta jarrera ekintzaileak sustatzen dituzten adituen aurrean. Egun horretan lehenengo geratzen diren hiru taldeek saria jasoko dute.

  Ikasle gazteen ekintzailetasuna sustatzen duen STARTinnova lehiaketa azken hiru ikasturteetan egin da Gipuzkoan eta aurretik beste oñatiar batzuek ere hartu dute parte, Zuazola Larraña institutukoek, hain zuzen ere.
Aurten, Elkar Hezi ikastetxekoak animatu dira eta aritu diren lau taldetatik hiru finalean izango dira, hilaren 25ean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!