Elkar Hezi ikastetxeko bi talde gazteGOTalent-eko finalerako sailkatu dira

2020/03/13
Azken proba “like” edo “atsegin” gehien lortzen duen taldeak irabaziko du lehiaketa

  Enpresagintza fakultateak antolatzen du gazteGOTalent lehiaketa, enpresa mundua gustuko duten gazteei zuzenduta. Bigarren batxilergoko gazteek, taldeka, enpresa munduari lotutako erronkei, arazoei eta probei aurre egin behar izan diete, beraien enpresa-talentua frogatzeko. Frogak bi hiriburutan egin ziren, Donostian eta Bilbon, eta Oñatiko partaideak Bizkaira joan ziren.

  Sei gunetan ihes-gela modukoak egokitu ziren eta gazteek hamar minutu eta hainbat pista izan zituzten gune bakoitzetik irteteko. Bidean, marketinari, berrikuntzari, finantzei, kanpo-merkataritzari, giza baliabideei eta abarrei buruz hausnartu behar izan zuten. Amaieran, hiru taldek lortu zuten finalerako txartela: Zamudioko Colegio Vizcayak eta Elkar Heziko Juniu eta GOAS taldeek.

  Azken probarako bideo motz bat grabatu behar izan du talde bakoitzak, lehiaketaren eta taldearen berri laburra emanez eta saria zergatik irabazi beharko luketen azalduz. Eta instagram edo youtube bitartez like edo atsegin gehien lortzen dituen taldeak irabaziko du saria. Madril edo Bartzelonara bidaia dago jokoan. Bideoei atsegin emateko epea, datorren astean, martxoaren 18an amaituko da.

  Elkar Hezi ikastetxeko bost taldek parte hartu dute lehiaketan eta bi, final handirako sailkatu dira.

Iturria: Oñati Irratia

GazteGOTalent Bilbon